bildumen, pildumen. iz. Kandela luze, hori eta mehea, argizari gordinez egina gehienetan, biribilean bildutakoa eta hilobietan eta erretzen zena, askotan argizaioletan ipinita.
Bildumena deitzen zaio garai batean egiten zen kandela luze eta mehe bati, gehienetan argizaiolean bildurik hilobietan-eta erretzen zena. Zarautzen pildumen hitza erabiliago dela esango nuke. Hildakoari beste munduan argia egiten ziola uste zen, eta norbait hil ondoren eta arimen egunetan pizten ziren, batik bat. Erregu egitearen zentzua ere izan ohi zuen, eta, horrela, (norbaiti) bildumena piztu esamoldeak esan nahi du norbaiti erregu egin, izan santu bati hari zerbaiten eskatzeko, edo norbaiti fabore-eskean aritu (besterik gabe, eta santurik bitarteko izan gabe).