Kodasta, korasta

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2023ko aza. 22a, 10:36

Ikusi hitzaren esanahiak

kodasta. 1) iz. Itsasontziaren bi aldeetan (branka zein popa) gilarekin loturik ontziaren armazoia osatzen dituzten euskarriak; kodasta horiei lotzen zaizkie ontziaren kanpoko aldea osatzen duten saihets-oholak.

kodasta. 2) iz. Itsasontziaren bi aldeetako saihetsak txopa aldetik batzen dituen aldea, goitik behera kareletik gilaraino doana. Helizea eta lema ere bermatzen ditu, eta zenbait osagai metalikoz osaturik egon daiteke.

kodasta. 3) iz. Itsasontziaren branka osatzeko gilatik gorako egitura, branka-burdina edo brankordea; aurreko kodasta ere deitzen zaio.

kodasta. 4) iz. Itsasontziaren txopa osatzeko gilatik gorako egitura.

kodasta. 5) iz. Txopa, popa, ontziaren atzeko aldea.

Kodasta hitzak baditu desagertzeko zorian dagoen hitz baten zantzu guztiak: hainbat eratara esaten da (kodasta, korasta eta ahozko erabileran, ia beti, koasta), ez da asko erabilia, eta ez du zehaztasunik bere esanahian (branka zein txopa adierazteko erabil daiteke). Kodastak dira itsasontzi edo txaluparen gilaren luzakinak bi ertzetan ezarriak (ontziaren aurrean eta atzean, brankan eta popan) ontziaren egitura osatzen dutenak. Hala eta guztiz, zenbait kasutan atzekoari, popakoari ematen zaio izen hori, eta kodasta izenez ere adierazten da popa: kodasta, txopa, popa… Beste kasu batzuetan, ordea, aurrekoari, brankakoari, ematen zaio garrantzia, eta, horrela, kodasta da brankako euskarria, eta, hedaduraz, baita pertsona baten sudurra ere: hago isilik kodasta haustea nahi ez baduk!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide