anega. iz.Aleen edukiera-neurria, hamabi lakariren baliokidea, gutxi gorabehera; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia.
Lehen, aleak eta antzekoak neurtzeko edukiera erabiltzen zen gehienetan pisuaren ordez. Horrela, baziren halako kaxoi edo kutxa bereziak neurri gisa erabiltzen zirenak, eta horietatik handienetako zen anega. Neurtzeko modu horrek ez zituen pisuaren zehaztasunik eta zerbait alda zitekeen aleen izaera, neurria, kalitatea, hezetasun-maila etab.Anega bat arto 42 kilo izan ohi zen, gutxi gorabehera, anega gariak 45 kilo eta anega babak 50 kilo. Anega bat 4 imina ziren eta anega erdi bat, gutxi gorabehera, erregu bat. Bestalde, anega batek sei gaitzeru zituen. Norbait handiustean badabil edo lor dezakeen baino gehiagoren irrikitan, esaten zaio (edo esan beharko litzaioke): Anega erdiko zorroak anegarik ezin hartu. Bestalde, errementarien ardozaletasuna azpimarratzeko esaera zahar batek dio: Ehun erreal egin arren anega gariak, edan barik ez dira egongo errementariak.