pitar. 1) iz.Sagarra jo eta muztioa atera ondoren geratzen diren sagar-hondakinekin eta urarekin egiten den edari hartzitua, sagardoaren antzekoa baina arinagoa eta alkohol gutxiagokoa.
pitar. 2) iz.Sagardoa eta ura nahastuz egindako edaria, alkoholez arina.
pitar. 3) iz.Kalitate gutxiko sagarren muztioarekin eta urarekin egindako edari hartzitua, sagardoaren antzekoa.
Pitar edo pittar deitzen zaio sagardoaren antzeko edari bati. Edari hori egiteko hainbat modu daude; horrela, erabiltzen dira (ziren) 1) lehen muztioa kendutako patsa (sagar-hondakinak) eta ura 2) sagar (eskas samarrak) jo, jotzerakoan edo ondoren ura gehituz 3) sagardo-muztioa eta ura nahastu, batez ere kalitate handia ez duen muztioa denean 4) kalitate gutxiko sagardoa dugunean, edo ozpindu egin denean, gogortu, ura gehitu sagardoari. Horiek guztiak dira pitarra egiteko erabiltzen ziren erak. Edari hartzitua izaten da, alkoholduna, zizarra ez bezala, baina sagardoa baino askoz arinagoa eta alkohol gutxiagokoa. Sagardoa eta ura nahastuz prestatutako edariari ere deitzen zaio pitar. Sagardoa "gogorregia" denean (ozpindu egin delako zertxobait, dastatzeko gogorra edo mikatza delako, sagardo gisa edateko behar adina ona ez delako…) ura gehitu eta edaten zen. Hala ere, baserri giroan aski estimatua izaten zen, esaera zahar honek dioena gehiegitxo badirudi ere: Pitar emoiezkoak gozo hobea du ezi ez arno erosizkoak (hau da, emandako pitarra gozoago dela erositako ardoa baino).