Alper / alper-harri

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2021ko uzt. 4a, 11:10

Lur-zokorrak birrintzeko erabiltzen den tresna

alper. iz. Nekazaritzan, lurra zapaltzeko erabiltzen den zilindro birakorra (gehienetan harrizkoa); alper deitzen zaio, baita ere, harri biribil horrek eta zehar-ohol batzuen bidez hari lotzen zaion pertika batek (edo aziendarentzako barek) osatutako tresnari.

Nekazaritzako tresna bati deitzen zaio alper, lur-zokorrak birrintzeko erabiltzen denari, baina bereziki tresna horrek berea duen harrizko zilindro birakorrari, beste era batez alper-harri deitua. Leku askotan alper hitza erabiltzen da bi gauza adierazteko: aipatu berri dugun harri biribil handi eta mugi zail hori, eta lana egin nahi ez duen pertsona (alferra dena, alegia). Horregatik, zenbaitetan azpimarratu egiten da, bereizteko, alper eta alper-harri; alperrak pertsonak izaten dituk, hori alper-harria duk, horrek ere lan egiteko asmo handirik izaten ez badu ere. Harri biribil handi hori erabiltzen traketsa da, astuna, mugitzen zaila, hortik dator esamolde zaharra: alper-harria baino astunago; hau da, zerbait edo norbait astunegia dela adierazteko erabiltzen den esaldia; pisu handikoa zerbait, edota pertsona bat aspergarria, astuna, gogaitu egiten duen horietakoa dela esateko. Pertsona baten alferkeria azpimarratzeko esamoldeak dira hauek: Alperra baino alferragoa haiz! eta Alper-harria baino alferragoa haiz!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide