siote. 1) iz. Txori mota, Anthus generokoa, beste izen batez gurita edo txirta ere deitua.
Oroiminez beteta, era eder honetan abesten die Jexuxmai Lopetegik Zarauzko erriberetako txoriei, sioteei ere bai tartean…
Uhinak marrazten
(Jexuxmai Lopetegi)
Aidean uhinak zituen marrazten
istingorrak ziztu bizian.
Sioteak larre moztu berrian,
errekan zertzeta buru berde-beltxak.
Txinboa, kaxkaurdina, txonta-petxugorria,
zaldubia, txepetx, sasitxoria,
moitua, gerritxori, buztanikara-horia.
Erriberako bizilagunak.
Giza urriko lur eremu bila
zetozen menditik ibarrera.
Janari eta aterpe bat amets.
Non ote erromes gure txoriak?
Txirripiloak jada ez dira ikusten.
Ilunbistan sartu ohi zen oilagorra.
Uroiloak nonahi kabi lezkartean,
altzadian tarinak hosto-artean.
Jada ez dute uhinik marrazten
aire, zelai, erreka zingiretan...
Txorrotxiorik apenas da entzuten
izuari emanak aspaldian.
Nora joan dira uhin sortzaileak?
Nongo belaze, aire, erreketan
marrazten dituzte euren bizipozak?
Non ote erromes gure txoriak?