Hausterre. 1) iz.Garizuma hasten den eguna, Hauster eguna edo Hausterre eguna ere deitua.
hausterre. 2)Zerbait erretzean (ikatza, egurra eta kidekoak…) gertatzen den hauts-hondakina, errautsa.
Hausterre, Hauster eguna edo Hausterre eguna da garizuma hasten den eguna; asteazkenez izan ohi da eta Eliza Katolikoan apaizak egun horretako elizkizun batean errautsez gurutzetxo bat egin ohi du fededunaren kopetan hautsetik etorri eta hautsera doala gogorarazteko. Egun tristetzat jotzen zen egun hori, Inauteriak amaitu eta Garizuma hasten baitzen; hortik Hausterre egunean baino tristeago dioen esapidea. Hausterre egun eta Ostiral Santua biak ere bijilia eta barau egunak ziren, eta eguerdiko bazkarian ohikoa zen, kostaldeko herrietan bederen, lapa-zopa jatea, esaera zahar hauek adierazten duten moduan: 1) Hauts-eguna (Hausterre eguna), lapak jateko eguna. 2) Lapak jan behar dira Hauts-egunean, garizuma hasteko antzinako legean. 3) Lapatarako egunik jatorrena, Hauts-eguna. Bestalde, zerbait erretzean (ikatza, egurra eta kidekoak…) geratzen den hauts-hondakinari ere hausterre deitzen zaio zenbaitetan, gure artean errauts hitza erabiliagoa bada ere.