fandango. iz. Dantza bizia, jatorriz espainiarra baina euskal plaza-dantza bilakatua; dantza horren doinua.
Arin-arinarekin batera, fandangoa izan da euskal plaza-dantza ezagunenetakoa. Hitz horren esanahi edo zentzu zuzenetik aparte, esaldi askotan erabiltzen da; horrela, fandangoa ateratzea irabazia lortzea esan nahi du, apustu edo jokoan batik bat: orain ere horrek fandangoa atera dik! Festan edo erokeriatan ibiltzea, batik bat komeni ez denean festetan ibiltzeari esaten zaio fandangoan ibili: hago egon behar denera, orain ez duk fandangoan ibiltzeko garaia! Fandangolaria ez da bakarrik fandangoa dantzatzen duena, baita festa eta parranda egiteko joera duena ere. Egoera alda daitekeela adierazteko edo egoerak buelta ematen duenean eta lehen ez bezala beste aldera jartzen denean esan ohi da (etorri da / etorriko da) fandangoaren buelta: habil, habil, etorriko zaik fandangoaren buelta! Txantxetarako gogo gutxi dagoen nonbait adarra jotzen edo jostaketan hasten denari esaten zaio: fandangora leku txarrera etorri haiz edo fandangorako toki txarrera etorri haiz. Norbaitengandik esan nahi denean festa egin behar denean festa egiten jakin arren, gauzak serio hartzen ere badakiela, esan ohi da: aizu!, hori ez da fandangorako bakarrik dagoen horietakoa.