berdoztu. 1) ad.Pertsonei dagokionez, erdi-mozkortu, edari alkoholdunen bat edateagatik burua erdi-nahasirik gelditu (edo gehiegi alaituta).
berdoztu. 2) ad.Pertsonen aurpegiei buruz ari garela, hotzaren eraginez, edo pertsona gaixorik dagoelako, kolore ona galdu.
berdoztu. 3) ad.Eguraldiari buruz ari garela, eguraldiak okerrera egin, ekaitz-lainoak sartu direlako, euri itxura hartu duelako edo, batik bat, hoztu egin duelako.
Koloreak definitzeko garaian, beste arlo askotan bezala, hizkuntzak ez dute berdin jokatzen, eta hizkuntza bakoitzean izan ohi dira haiei buruzko berezitasunak. Euskaraz berde, edo berde antzeko, bilakatzea, esate baterako, zurbiltzea edo kolore grisaxka hartzea esan nahi du zenbaitetan. Horrela, berdoztu egiten da pertsona bat haren kolorea ohiko kolore "ona" izatetik larruazala zurbildu edo kolore grisagokoa jartzen zaionean, hoztu egin delako, txarraldi bat izan duelako, erdi-mozkortu egin delako, gaixo dagoelako edo beste zerbaitengatik berezko kolore gorrixta galdu duelako. Eguraldiarekin ere berdintsu, esaten dugu eguraldia berdoztu egin dela onetik txarrera egiten duenean, batik bat eguraldia hezeago, euritsuago eta hotzago bilakatzen denean.