zarpa. 1) iz. Arropa edo trapu zati hondatua, piltzarra, pilda.
zarpa. 2) iz. Garai batean, arroparen barnealdeko poltsikoa.
zarpa. 3) iz. Landare batek ugaltzeko dituen luzakinak, sustraitzen direnak lurrean eta landare berriak eman. Sustrai horien multzoa.
zarpa. 4) iz. Atzaparra, eskua, batik bat indartsu, handi edo bortitza denean, min ematen duenean.
zarpa. 5) adj. Zarpatsua, zarpaila, arlotea, zarpa zaharrez jantzia dabilena.
Esanahi ugariko hitza da zarpa. Esanahi horietako bat, beharbada ezagunena bere arrarotasunean, da zarpa edo xarpa deitzen zaiola arropa edo trapu zati hondatu bati, arlote edo gaizki jantzitako pertsona batek daraman arropa edo jantzi xaharrari. Badirudi garai batean zarpa deitzen zitzaiola, baita ere, arropa barneko poltsikoari, eta bereizten zirela sakela (kanpotik iritzi daitekeen poltsikoa) eta zarpa (barneko aldekoa); hori dena, ordea, ia erabat ahaztutako kontua da egun. Horrez gain, badira zarpak edo xarpak luzatzen dituzten landareak, eta luzakin horietan lurrean sustraitu eta landare sustraidun berriak sortu. Landare horien sustraiei ere zarpa deitzen zaie. Bestalde, esku handiari, indartsuari ere zarpa deitzen zaio, batik bat, goxotasun eza, baldarkeria edo min ematen dutela adierazi nahi dugunean: horrek zauzkak zarpatzarrak! (beharbada gaztelaniaren eraginak ekarritako adiera da). Adjektibo gisa ere erabil daiteke zarpa, eta horrelakoetan esanahia izan ohi da zarpaz jantzitako edo zarpaz betetako pertsona. Kalifikatzaile modu honetan, xarpax izan daiteke esku indartsuak adierazteko balio duen ezizena. Iraingarria bilaka daiteke: xarpaxar izango litzateke arropa zaharrez jantzitako pertsona.