Mizto

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 20a, 11:18

Ikusi hitzaren esanahiak

mizto. 1) iz. Sugeen eta beste zenbait narrastiren mihi luze eta mehea.

mizto. 2) iz. Pertsonez mintzo garela eta gaizki esaka dabilenari buruz, mihia (edo mingaina) gaitzesgarritzat hartua.

mizto. 3) iz. Pozoia.

mizto. 4) iz. Intsektuen eztena.

Sugeek ez dute mihia izaten, miztoa baizik. Lehengo zaharren ustea zen sugeek (eta beste animalia batzuek, intsektuek, esate baterako) miztoa sartzen zutela, eta mizto horren heldutik iristen zela pozoia. Intsektuen kasuan liztorrak miztoa sartu dit, liztorrak heldu dit edo liztorrak eztena sartu dit esamoldeak erabiltzen ziren eta ez liztorrak "pikatu" dit. Sugeen miztoa mutur bikoitzekoa izan ohi da, eta, agian, irudi horretan oinarrituta, edota pozoiez betetakoa dela usteagatik, pertsonen mihi gaiztoari, gaizki esaka edo intentzio txarrarekin erabiltzen den hizkera darabilen mingainari, miztoa deitzen zaio. Horrela, miztoa edukitzea, miztoa izatea gaizki esaka ibiltzea adierazten du, pertsona marmarti eta kaka-nahaslea izatea: mizto ederra du horrek, alajaina! Inori barkatzen ez dion miztoa darabil horrek. Esanahi horrekin ulertu behar dira esamolde hauek: mizto zorrotza du, mizto zorrotzekoa da, ederki astintzen du miztoa, miztoduna da, miztoa erabiltzea gustatzen zaio… Zenbaitetan miztoa deitzen zaio pozoiari berari, baina gutxiagotan erabiltzen da esanahi horrekin, gure artean, behintzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide