Auka

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 20a, 11:12

Ikusi hitzaren esanahiak

auka. 1) iz. Alga, itsasoko belar edo alga, harraldeko harri gainetan hazten dena.

auka. 2) iz. Ahotza, gari-alea (edo antzeko beste aleren bat, garagarra, zekalea…) biltzen duen mintz gogor eta mehea.

auka. 3) iz. Gariaren edo aleen mintz gogor horien multzoa, lasto xehearen edo zahi larriaren antzekoa.

auka. 4) adb. Au, au, au! eginez; zaunkaka.

Aditu izan dut auka deitzen zaiola harraldeko harriak estaltzen dituen itsas belar edo algari, baina ez dut uste hemen inguruko hitza denik (beharbada Bizkaia aldekoa izango da). Era bertsuan, gutxitan esaten da gure artean txakur bat auka ari dela, zaunka eginez edo zaunkaka esan ohi baitugu. Bestalde, auka antigoaleko hitz zahar eta ahaztua da; gari aleek (eta, hedaduraz, gariaren antzeko gainerako aleek) estalki izan ohi duten mintz gogorra adierazteko erabiltzen zena. Euskal Herri hezean egiten zen garia lasto luzekoa eta alea ohikoa baino auka gogorragoaz babestutakoa izan ohi zen, eta aurreko mendearen erdi alderaino landu zen gure baserrietan (espeltaren antzeko zerbait zen). Auka latzekoa zenez gari bizarduna deitzen zitzaion eta lanketa berezia eskatzen zuen (jorratu, igitaiz moztu, azaoetan bildu, gari-metak egin, larrainean edo garia jotzeko makinetan jo eta eskuz edo garia garbitzeko makinekin kendu auka). Ez dira nahastu behar auka hori eta garia ehotzean sortutako zahia edo errexiloia (ogi beltza edo erresa egiteko erabiltzen zirenak).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide