Antigoaleko hiztegia

Atximur / imurtxi / atximurkada / txatxamur / zimiko

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2019ko ots. 5a, 10:35

Gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea

atximur. 1) iz. Gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea.

atximur. 2) iz. Irudizko adieran, ekintza, egoera, gertakizun edo sentimendu batek eragiten duen zirrara.

imurtxi. 1) iz. Atximurra, gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea..

atximurkada. 1) iz. Atximurra, gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea.

txatxamur. 1) iz. Bizk. Atximurra, gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea.

zimiko. 1) iz. (Batez ere Ipar.) Atximurra, gorputzeko azal zati bat hatz muturren artean estutzea.

Hatz muturrekin gorputzeko  azal zati bati heldu eta estutzea adierazteko hitz asko erabiltzen dira: atximur, imurtxi, atximurkada, txatxamur, zimiko… Ekintzari ere hainbat eratan esaten da: atximur egin, atximurkatu, imurtxi egin, atximurka egin, zimiko egin… Zarautzen, eta hegoaldean oro har, bada beste era bat atximurra adierazteko: pilixkitu; baina garbi da bere kide erdaldunetik (pellizco, pellizquito) zuzenean hartua dela. Aurreko multzoko hitz horiek guztiak bere zentzu zuzenean erabiltzeaz gain, irudizko adieran ere erabili ohi ditugu, ekintza, egoera, gertakizun edo edozein sentimenduk sortzen digun zirrara adierateko. Horrela, bihotzean atximurra sentitzen da zerbaitengatik atsekabea edo egonezina sumatzen dugunean edo egindako zerbaitengatik kontzientziako harra sentitzen dugunean; bihotz-zimiko ere deitzen zaio. Besteren ondasunei ere egin geniezioke atximur, zimiko edo imurtxia, hau da, lapurretan egin; horri deitzen zaio (ezeri) atximur egitea, edo (ezeri) atximurtxi egitea, (inoren gauzari) imurtxi egitea. Batik bat sakelatik kartera lapurtzen denean erabili ohi da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide