pagotxa. 1) iz. Ganadu-jatekotarako erabiltzen den belar mota, Trifolium incarnatum.
pagotxa. 2) iz. Mahuka, aukera ona.
Hiru hosto nabarmen dituzten belarrei (Trifolium sp) hirusta deitzen zaie, orokorrean. Zelai eta larreetan berez etortzen den belarrari (Tripolium pratense) hirusta edo berga-belarra (Bergara-belarra?) deitzen zaio Zarautzen; lore zuria edota gorri-morexka izan dezake. Garai batean, gaur gero eta gutxiago, Tripolium pratense hazia erosi eta soroetan ereiten zen, udaberrian, neguko belar ondua amaitzen zenerako ganadu-jatekoa edukitzeko. Ereindako Tripolium pratense horri deitzen genion hirusta, edo hirusta gorria. Horren kidekoa zen beste belar preziatu bat Tripolium incarnatum generokoa, pagotxa deitutakoa, kolore gorri biziko hirusta, bazka-landare gisa lantzen dena (zena?) eta abereek berdetan oso gustura jaten dutena. Dirudienez, Frantziatik etorritako hazia zen pagotxa, eta duen kolore gorri bizia adierazteko "rouge farouche" izendatzen zen landare hori, eta farouche horretatik omen dator pagotx deitzea. Kontuak kontu, ganadua itsua da belar horretarako, izugarri gustatzen zaio, eta, gainera, elikadura oso egokia da oraindik zelaietako belarra hasi besterik ez denean. Hortik datorkio, beharbada, bigarren esanahia: mahuka, aukera ona. Beraz, hori duk txolloa! esan ordez, egokiago da euskaraz hori duk pagotxa! erabiltzea. Onenari eustea, onenarekin geratzea da pagotxari heltzea; eta nahi bezala bizitzea pagotxetan bizitzea. Pagotxetara usatutako aharia izatea gaizki ohitutakoa izatea da, onera bakarrik ohitutakoa. Bada hori adierazten duen esaera zahar bat: Bildotsetan pagotx gozora ohitutako ardiak ota-larrea gogor.