eralki. ad. Bahetu, birrindutako zernahi, irina batik bat, bahean (edo galbahean) pasatu.
Erabat ahazturik daukagun hitza da eralki (zenbaitetan eralgi eta eraulki ere esaten da / zen). Gazteleraz ere galdua dago oinarrizko cerner aditza eta ordez tamizar erabiltzen da sukaldaritzan. Eralkiren ordez bahetu eta galbahetu erabili ohi dira euskaraz, baina horiek, berez, tresnen izenetatik datoz (bahe, galbahe). Gabonetan Hitzak banatutako aldizkaritxo batean errata bitxi bat zetorren. Errezeta batean irina behatzeko jartzen zuen eta ondoren zetorren parentesi artean (tamizar). Horrek bi gauza esan nahi ditu: 1) Aldizkaria zuzentzen aritu zenak pentsatu zuela bahetu jarri eta jendeak ez zuela ulertuko, eta horregatik tamizar hori alboan. 2) Seguru asko zuzentzaile ortografiko automatikoa erabili zela eta hark bahetu irakurri eta behatu zuzendu zuela. Kontuak kontu, bahetu ezezaguna bazaigu, zer esanik ez eralki; beraz, Antigoaleko Hiztegian sartzeko hitz aproposa dugu. Xenpelarrek ondo ezagutzen zuen, istorio honek erakusten duen moduan: Xenpelarren garaian baziren bi bertsolari-usteko aldrebeskeriak kantatu eta jendeari barrea eragiten ziotenak, Juxto eta Lonjinos deituak. Behin batean apustua egin omen zuten Juxtok eta Xenpelarrek ea zeinek bota aldrebeskeria handiagoak, eta Juxtok irabazi. Xenpelarrek taxuzko bertsoak egiten okerkeriak esaten zebilenenan ere! Xenpelarren bertso horiek modu askotan etorri dira guregana ahoz aho eta belarriz belarri bidaia egin ondoren; hau da aldaera horietako bat:
Hara nora joan ziren hamalau nobio,
zortzi mediku eta lau botikario.
Zazpi kintalekoak zortzi armario
gizon batek "a pultso" bizlarrera igo.
Lau arrautza zituen, zazpi talo jaki,
txantxangorri batenak sei libra tripaki.
Baheak irina eho, errotak eraulki
ganibetak erre ta labeak ebaki.
Itsasoan ari dira arbolak aldatzen,
itsuak ikusi du etxea erretzen;
mutua, berriz ari da jendeari deitzen,
hankamotzak badaki bidea korritzen.
Gizon bat ikusi dut hirurehun urtetan
marinel dabilela ontziko soketan,
zapatorde txalupak zeduzkan oinetan
haren aitona, berriz, itsasoa urketan.