katamar. 1) iz. Etxekoa ez den katua, arra denean, batik bat.
katamar. 2) iz. Katu basatia edo erdi basatia, etxekoa ez dena.
katamar. 3) iz. Izaki mitologikoa, animalia baten irudia duena, katu handi baten antzekoa-edo eta gauez ibiltzen dena marraka handiak eginez eta umeak beldurtuz.
katamarro. 1) iz. Basakatua.
Otsailari katuila deitzen zitzaion garai batean, hilabete hori katu arrak eta emeak elkartzen diren garaia baita: katu-bikoteak marraka ibiltzen diren hilabetea. Esaera zahar batek dio (era aski anker eta gordinean) zein den katuen eta emazteen arteko desberdintasuna: Katuak umeak garrasika bildu eta isilik egin, emakumeak berriz, batekoz bestera. Hau da, isilean bildu haurra eta garrasika erditu. Otsailean katuen marraka eta istilua entzuten bazen, etxeko umeei esan ohi zitzaien katamarra etorri zela; katamar hori zen halako izaki beldurgarri bat gauetan txilioka ibiltzen zena, bazterrak nahastuz eta jende xehea ikaratuz. Gero jakin genuen katamar hori katar handi bat omen zela, kanpotik etorri ohi zena etxeko katemearen usainera. Dena dela, katamarro deitzen zaio basakatuari zenbait lekutan eta katamarra ere izan zitekeen basakatua, beharbada.