txapitula. iz. Teilatuko leihoa, gainaldea teilaz estalia duena.
Teilatupean argia sartzeko edota teilatuaren gainbehera saihestu eta lekua (teilatupea, ganbara…) erabilgarriago egiteko gainaldea teilaz estalitakoa duten leiho bereziak egiten dira: txapitulak. Hedaduraz, bizitegi gisa erabiltzen den ganbarari ere txapitula deitzen zaio zenbaitetan (buhardilla, erdaraz). Zuzeneko esanahi horrez gain txapitula hitzak baditu beste hainbat erabilera ez-zehatz; esate baterako, mendian, garai batean, artzainek edo ikazkinek egur eta garoekin egiten zituzten eraikuntzak txapitulak edo txapitula-formakoak deitzen ziren. Era bertsuan, hala moduzko konponketa bat egiteko edo zulo, eten, orban bat estaltzeko erabiltzen diren gaiak (ziriak, txaplatak, egurtxoak, estalgarriak…) txapitulak deitzen dira.