Antigoaleko hiztegia

Brankillo

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko aza. 28a, 17:24

Adar mehea, biskaz (pixkaz) prestatua

brankillo. iz. Adar luzexka eta mehea, soildua eta biskaz prestatua.

Garai batean kaiolarako txoriak erreklamoarekin harrapatzen ziren. Horretarako ondo abestuko zuen erreklamoa behar zen, kaiolan sartua eta nolabait kamuflatua. Haren alboan adaxka edo zuhaixka bat jartzen zen, leku zabal samarrean (zelai batean edo) baina basotik nahiko hurbil, han, basoan, ezkutatzen baitzen ehiztaria. Adaxka horretan nabarmen agertu behar zuten txoria erraz kokatzeko adaxka luzea (25 bat cm), begi-bistakoa, zuzena, hosto eta gainekoz soildua eta biskaz basitua: hori zen brankilloa eta brankilloaren likan katigatuta geratuko ziren txoriak. Brankilloak milazka edo tamarixaren adaxkekin egiten ziren (Tamarix sp.) eta erreklamoaren ondoan zegoen zuhaixkari lotzeko intsusaz (Sambucus nigra) egindako takoa erabiltzen zen. Intsusak barneko muina kotoi antzekoa izaten du eta erraz egin dakioke zuloa erdian. Takoaren alde bat zuhaixkari sartu eta beste aldekoa brankilloari eta prestaturik geratzen zen txoriak harrapatzeko artea. Erreklamoz harrapatzen ziren etxeko kaioletan kantatzen zuten hainbat txoritxo: kardintxuloak, txontak, txirriskilak, txokak, berderoiak, tarinak… Gaur egun horrelako ehiza debekaturik dago. Branquilló hitz katalanak adartxo esan nahi du; bitxia da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide