Antigoaleko hiztegia

Gatzatu / gazur / gaztanbera

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko ira. 26a, 10:09

Hitzen esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

gatzatu. 1) ad. Mamitu, hainbat likido organiko (esnea, odola…) ia solido bilakatu, koagulatu.

gatzatu. 2) iz. Esnea, bereziki ardi esnea, gatzagiarekin gatzatuz prestatzen den janaria.

gazur. iz. Esnea gatzatzean eratzen den ur gazia; odolaren plasma, odola gatzatzen denean bereizten den likidoa.

gaztanbera. 1) iz. Gazura kendu zaion esne gatzatua, gazura kendu zaion mamia.

gaztanbera. 2) iz. Mamia, gatzatua.

gaztanbera. 3) iz. Gazta egiteko esne mamitua kendu ondoren geratzen den gazurarekin egiten den bigarren aldiko gazta biguna (requesón).

Antigoaleko hiztegi honetan lehen ere agertu da gatzatu aditza, baina hitz horrekin, eta gaztagintzako hiztegitik lotuta datozkion beste zenbait hitzekin, arreta berezia izan behar da. Ea argitzen ditugun zertxobait… Esnea gatzatzen denean, hartzigarri bat erabiliz (gatzagia, kardu-belarra, zia-belarra…), mamia sortzen da; zenbait lekutan, Bizkaian batik bat, horri gatzatua deitzen zaio. Gatzatu, beraz, ekintzaz gain jateko jakia berari ere deitzen zaio. Odola ere gatzatu edo koagulatu egiten da, eta gazura sortzen du, esneak bezalatsu. Garai batean, gaztak egiten zituzten artzainek txerri bat edo beste izaten zituzten bordan, gazurarekin, eta beste zenbait jaki eta hondakinekin, hazteko. Hirugarren hitza (gaztanbera) da aldaera eta esanahi gehien dituena. Zenbaitentzat gaztanbera da gazura kenduta duen gatzatu edo mamia; beste batzuentzat, gaztanberak izendatzen du mami edo gatzatu hori, eta badu, gainera, hirugarren adiera bat ere: gazura erabat gatzatzeko hartzigarri gehiago bota (ozpina, limoi-ura…) eta bigarren aldizko gatzatua edo harekin egindako gazta biguna da, erabat gogortzen eta gazta bilakatzen ez dena. Zerbait oso biguna adierazteko, esaten da: gaztanbera baino bigunago da, eta esan nahi du zer hori erabat biguna dela; edota amultsua, goxoa. Norbaitek atzamar guriak dituenean gaztanberazko atzamarrak dituela esaten da; esamolde hori erabiltzan da, batez ere, norbaitek zaildu gabeko atzamarrak dituenean, lanerako balio ez dutenak, indarrik gabekoak. Amaitzeko, aski ezaguna da erromantze baten hasiera: haltzak ez du bihotzik, ez gaztanberak hezurrik

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide