Puzker isila

putz. iz. Puzker isila. putz egin. Airea ahotik indarrez jaurtikiz irtenarazi.

Ezer ez duenari, esaten zaio ahuntzen putzen jabe dela, eta norbaiti zerbait txarra opa badiogu, akerraren putza opa diogu. Norbait oso harroa denean, putza baino harroago dela esaten da, edota ezer ez eta putza harro duela, edota haize putza bezalakoa dela,edo hontza putza baino harroago. Kanpotarrei, udatiarrei, harro samarrak izanez gero, batik bat, laka-putz / lakari-putz deitzen zitzaien (gaur giri hitz arrotza erabiltzen da). Setatia denari, min egiten dituzten hitzak edo ekintzak erabiltzen dituenari (gizon, emakume, pertsona…) puzmina edo putz minekoa esaten zaio, harroa denari, putzontzi edohaize putz, eta ipurterrea denari, prakerrea, haserrekorra, putzerrea edo putza baino erreagoa. Handinahia duenari, ezer izan ez eta bai dela uste duenarengatik esaten da putza izan ez eta puzkerra izan nahi duela, Beti azkena dabilenari azken putz deitzen zaio. Norbait zurikerietan ibiltzen bada, gauza atseginak esaten-eta, eta, gero, zipozkeriek egin, hitzak ederrak eta putzak minak dituela esan ohi da. Garai batean bai haserrea, zerbaiti uko egitea, eta antzeko sentimenduak adierazteko zakurraren putza! esamoldea erabiltzen zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide