Antigoaleko hiztegia

Nekabihur

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko eka. 11a, 15:58

Landareak bihurrituz egindako lokarria

nekabihur. iz. Gurdiaren gainean jarritakoa lotu eta sendotzeko aihenak edota adarrak bihurrituz egindako lokarria.

Aihen zuria (Clematis vitalba) nekabihurrak egiteko gai ezin hobea da, berez ere baduelako bihurrirako joera, baina ahien horren ordez beste edozein zuhaixka edo arba ere bihur daiteke atzaparretan behar adina indar eta abilidade izanez gero. Makila bat erabil daiteke bihurriak egiteko, alanbre edo soka bikoitz bat tentsatu nahi denean egin ohi den eran. Nekabihurra bezalaxe egin daiteke urkabihurra ere. Ramon J. Senderrek La aventura equinoccial de Lope de Aguirre liburuan kontatzen digu Lope Agirrekoak bazuela halako laguntzaile bat ezin hobeto erabiltzen zuena urkabihurra. Tresna horretarako nahikoa da soka sendo, oihal trinko edo nekabihur egokia; kontua da norbaiti burutik behera sartu, lepoari tinkatu eta atzealdean sobera geratzen den zatian makila bat sartu eta bihurritu lakioak etsaia ito edo haren bizkarrezurra hautsi arte. Norbaiti garrote ematea deitzen zitzaion horri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide