ezpal. iz. Egurra moztean gertatzen den zatia, zapala eta meharra denean, batik bat.
Irudizko adieran erabiltzen denean, beste norbaiten erakoa, berdintsua esan nahi du: halakoren ezpalekoa zara esatean, halakoren antzekoa dela esan nahi dugu eta enbor bereko ezpala da esatean aipatu dugun horren antzekoa dela. Ari garen kontuaz bestelako zerbait dela esateko, hori beste hariko ezpala dela esaten dugu. Zerbait oso lehorra dela adierazteko konparazioetn erabiltzen da: ezpala baino lehorrago edo ezpala bezain lehorra. Esaera zahar ugarik esaten digu arbasoen izaeratik datorrela jendearen izaera: 1) Azak berea kirtena, haritzak bere harikoa ezpala. 2) Egur onak ezpal ona. 3) Egur onetik ezpal ona. 4) Egurra nolako, ezpala halako. 5) Enborretik ezpala. 6) Haritza eta ezpala hari batekoak. 7) Haritzak ezpala beretarikoa. 8) Hazitik bizia, zuretik ezpala. 9) Nolako arbolatik, halako ezpala. 10) Nolako egurra, halako ezpala. 11) Zuretik ezpala.