azunbre. iz. Edukiera-neurria, bi litro edota bi litro eta erdi ingurukoa.
Sistema metriko hamartarra ezarri aurretik hainbat neurri erabiltzen ziren edukierak neurtzeko, eta neurri horien balioa aldatu ohi zen leku batetatik bestera. Badirudi Gaztelako azumbrea bi litro baino zertxobait gehiago zela eta Gipuzkoakoa (azunbre edo pitxer deitutakoa), aldiz, bi litro eta erdi inguru. Azunbrearen laurdenari koartillo edo txopin deitzen zitzaion (Olentzeroren koartillo ardoa). Litroz neurtzen hasitakoan, laurdenari txiki deitu zioten. Hiru txikiko botila, ardo botila normala, 0,750 L-koa da. Azunbrea dela aipu, Danbolin aldizkarian argitaratu zen artikulu hau, Joxe Ertxiñen traktoretik atalean; elkarrizketa, transkripzioa eta moldaketa Manuel Arregi eta Jon Artanorena da. Honela dio:
Karlistaldi garaikoak
Nik neure begiz ikusitakoetatik aparte etxean entzundako pasadizoak eta gertaerak badauzkat buruan. Gauza askorekin ez naiz akordatzen, baina zerbait bai. Adibidez, Karlistaldi garaikoak dezente kontatzen zizkigun aittita Praixkuk.
Aittittak, aplikatzen zenean, bazuen guri gauzak kontatzeko ohitura. Ni gustura egoten nintzen aditzen, galdera asko egin ere bai. Karlisten kontuekin zerbait akordatzen naiz. Ertxiñondon egon omen ziren egun batzuetan soldadu karlistak.
Besteei, gero etorri ziren soldaduei, liberalei alegia, beltzak deitzen omen zieten. Behin beltzak edo liberalak edo zera horiek sartu omen ziren hona, Zestoara, berrogeita hamar bat lagun guztira. Itsasoz etorri omen ziren Getarian desenbarkatuta. Haiek ere Ertxiñondon izan ziren gure aittittak kontatu zigunez. Bere aita Joxe Manuelek hitz egin omen zuen haiekin.
Behin kontatu zigun pasadizo nahiko gordina. Karlistaldi garaian, gerran zeudela, etxe bakoitzetik lagun batek joan behar izaten zuen Getaria aldera frentera. Getariako partean, Meaga gainean edo inguru horretan omen zegoen frentea.
Gure aittitta joaten zen Ertxiñondotik, hamahiruhamalu urteko mutil-koskorra. Hura 1862an jaioa zen, beraz 1875 ingurua izango zen. Lubakiak egiten eta jarduten omen zuten han.
Egun batean kontu gogorra gertatu zela kontatu zigun. Meaga eta Garate aldeko ez dakit zein etxetan, ez daukat gogoan… Ba, etxe hartako gizon zaharra soroan, artajorran ari omen zen.
Inguru hartan soldaduak omen zeuden guardian, soldadu karlistak, alegia. Une hartan lasaitasuna egongo zen nonbait, eta soldaduak aspertuta, egonean.
Soroan ari zen agurea ikusita, soldadu batek besteari esan omen zion:
–Azunbre bat ardo jokatuko diat. Tiro batekin bota baietz agure hura!
–Ezetz –besteak.
–Baietz.
–Bota.
Listarizko hariarekin egindako poltsatik ez dakit zenbat txanpon atera omen zituzten, azunbre bat ardok balio zuena. Aurreratu omen zen pixka bat, soro aldera joan, eta bau! tiro egin omen zuen.
Gizona hantxe artasoroan plast! erori eta, han gelditu omen zen luze-luze arto artean.
–Hutsa adinean geratu duk!, –esan omen zuen soldaduak–. Ardoa edan behar diagu orain!
–Benga azunbre ardoa.
Azunbre ardogatik apustu egin eta gizona tiroz bota, alajaina.
Azunbrea likidoen neurria da, pitxerkada bat edo… Pitxer hori ez dakit ba, zenbat izango den, bi litro eta erdi edo…
Aittittak pasadizo hori berak ikusita bezala kontatzen zigun, hori dena mutil-koskorra zela ikusia.
Orain, zer esango dizuet? Benetan hala gertatu ote zen? Nik ez dakit. Mutil-koskorra nintzela entzundakoa kontatu dut nik.
Oharrak: 1) Aitona hori Kajuategi baserikoa zela esan ohi da Zarautzen, eta
2) Pasadizoak entzuteko: www.ahotsak.com/zestoa/hizlariak/joxe-migel-arregi-ibarguren-ertxin/