apasta. iz. Arrainak erakartzeko uretara botatzen den janaria.
Apasta erabiliz egiten zen arrantza garai batean. Arrantzale bakoitzak izan ohi zuen bere modu, era eta formula berezia bere apasta egiteko, beti ere arrainen errai, arraba eta hondakinak erabiliz oinarri bezala, eta beste zenbait osagai (irina, hondarra…) gehituz orea trinkotzeko, astunago egiteko (hondora joan zedin) edo eskuekin zatitxoetan banatzeko. Osatzen zen apasta hori, beti ere, kiratsua eta jateko itxura txarrekoa izan ohi zen, baina zer axola arrainak erakartzeko balio bazuen! Apasta berezia egin ohi zen antxoak gazitzeko erabiltzen zen salmuera-hondakinekin, oso gazia, gainera. Apasta mota horri batzamarra edo gatzamarra deitzen zitzaion. Norbait engainatzeko bideak jartzen direnean, aurrez engainu prestatzeko zurikeria zenbait eginez, engainatzailea apasta bota edo apasta ematen ari dela esan ohi da. Apasta bota, beraz, norbaiti iruzurra egiteko edo hari zerbaitetarako grina pizteko bideak egiteari deitzen zaio.