Esku bat eskatu, eta milaka jaso. Vianako Erentzun ikastolak laguntza eskatu zuen Nafarroa Oinez antolatzeko, eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak luzatu zion berea. Urtebete geroago, milaka eskuk egin zuten bat heregun, Zizur Nagusian (Nafarroa). Eider Sagastibeltza (Iruñea, 1988) San Fermin ikastolako lehendakariaren, eta Garbiñe Zulaika (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Erentzun ikastolako zuzendariaren eskuak nekatuta esnatu ziren atzo, baina pozik daude emaitzarekin. Bildutako diruak, gainera, Erentzunen bideragarritasun ekonomikoa bermatzen lagunduko du.
Nafarroako ikastolen besta handiaren ondoren, nola esnatu zarete?
EIDER SAGASTIBELTZA: Nekatuta, atzo lan asko egin baikenuen, baina betetasun sentimenduarekin. Oso harrera ona izan zuen, eta asko izan ginen bidean bat egin genuenak. Oso eskertuta gaude bai familiekin, eta baita ikastolako langileekin ere.
GARBIÑE ZULAIKA: Zarauztarra izanik, atzokoa olatuaren gainean surfean egoteko une horietako bat izan zen niretzat. Olatuak oraindik erresaka handi batean bezala narama gaur. Benetako astelehen horietako bat izaten ari da: gorputzean nekea pilatuta, burua oraindik atzoko bizipenetan, eta egunerokoak bere erritmoa hartzeko eskatzen digula. Baina atzokoak merezi izan zuen.
Hortaz, espero bezala joan zen dena?
SAGASTIBELTZA: Barne urduritasun handiarekin hasi genuen eguna, baina poliki-poliki egin beharrekoetan murgildu ginen, eta niretzat zoragarria izan zen.
ZULAIKA: Eguna hotzetik hasi zen, haize pixka bat ere bagenuen, baina ondo etorri zen jendea ekitaldiak hasi aurretik esnatzeko. Oso babestuta sentitu ginen, euskaldun pila bat elkartu baikinen, eta horrek komunitatea garela erakusten du. Arlo serioa bukatuta, eguzkia atera zen, eta festa girora batu ginen. Merezi izan du, eta berriz ere egingo nuke.
Antolakuntzan jende anitzen laguntza eduki duzue, ezta?
SAGASTIBELTZA: Oso harro gaude, eta bihotzez eskertuta. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia aurrera ateratzea. Buru-belarri egon ziren, eta baita gaur ere, bilketa lanetan. Erakutsi dugu auzolanak oraindik gure ikastolen esentzia izaten jarraitzen duela, eta herritik jaio ginela eta herriarentzat gaudela.
ZULAIKA: Barruan egon arte ez gara konturatzen zenbat jende dagoen honen atzetik, eta zenbat xehetasun hartu behar diren kontuan. Atzoko egunean bakarrik mila boluntario ibili ziren lanean eguna ondo atera zedin. Eta urtean zehar zazpi mila pertsona ibili gara batera eta bestera.
Izan ere, atzoko jaiaz gain, egitasmo gehiago ere antolatu dituzue, ezta?
SAGASTIBELTZA: Lekukoa hartu genuenean hasi zen gure bidea, eta urte osoan hainbat ekintza egin ditugu; hala nola Vianako Dena, Hazi Artea erakusketa, Juul sariak, eta Oinez kros solidarioa. Hilabetez hilabete, beti egon gara zerbait prestatzen; helmuga eta egun handia zein zen kontuan hartuta, betiere.
Prozesu horretan, zer ikasi duzue?
SAGASTIBELTZA: Komunitate handia garela, eta guztiok gure alea ereinda eta gure gogoak jarrita posible dela.
ZULAIKA: Gogoko tokian aldaparik ez. Lantaldetan jo eta su ibili gara, errealitate eta lan egiteko era desberdinak eduki arren, helburu bera baitugu. Beraz, umiltasunetik, baina baita harrotasunetik ere, izugarrizko esperientzia izan da. Aberasgarria erabat, bai arlo profesionalean, eta baita pertsonalean ere.
Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atari digitalean.