11 egunen ostean, gaur amaituko du 24. Korrikak bere ibilbidea. Euskal Herri osoa alderik alde zeharkatu du: Atharratzetik abiatu zen euskararen aldeko marea, martxoaren 19an, eta Bilbon egingo ditu azken metroak, gaur, 10:00 aldera. Ordubete barru, alegia.
Ez eguzkiak, ez euriak ezta haizeak ere. Ezerk ez inork ez du gelditu euskararen aldeko ekimen erraldoia. Horrexegatik, aurtengo abestiak dioen moduan, "maitasun eskutitz baten bide luzea, Xiberutikan Mendebaldera" iritsiko da. Gaur bertan ezagutuko dute herritarrek nork idatzi duen aurtengo mezua, eta protagonistak berak irakurriko du Korrikari amaiera emateko ekitaldian.
1980. urtean egin zuten lehen aldiz Korrika, eta, ordutik, bi urtetik behin antolatu dute egitasmoa, 2021ean izan ezik, COVID-19aren pandemiagatik atzeratu behar izan baitzuten edizio hura.
Aldi bakoitzean, Zarautzen harrera beroa izaten du Korrikak. Aurten ere horrela izan da, eta milaka herritarrek hartu dituzte kaleak. Atzera begiratuz gero ere antzerako egoera aurki genezake: artikulu honetako argazkia, zehazki, 1994ko Korrikako argazki bat da, Nafarroa kaletik igarotzen, Oriorantz. Zarauzko Argazki Artxibotik ateratako argazkia da.