Gaur goizean itsas txakur bat agertu da Zarauzko hondartzan, Dama inguruan, bizilagunen harridurarako. Atzo Pasaian ikusi zutela jakinarazi dute, eta gaur Zarautzen lehorreratu da. Osasunez ongi ikusi dutela adierazi du Zarauzko Udalak. Hondarretan ibili da batera eta bestera, baina ondoren atseden hartzen geratu da.
Animaliaren agerpenak interesa piztu du herritarren artean, eta udaltzainek ingurua hesitu dute segurtasuna bermatzeko, bai pertsonengandik bai txakurrengandik. Itsasgorarekin bere kabuz itsasoratu da berriro ere itsas txakurra, eta etorri den bezala atzean utzi du Zarauzko hondartza.