Zergatik erabaki zenuen TikToken hastea?
Gaur egun, nahiko ohikoa da jendeak Instagramen bi kontu edukitzea: bata, edonork ikus dezakeen edo jarraitzaile asko dituen kontua; eta bestea, pribatua, zure gertuko jendeak bakarrik jarraitzen duena. Pribatuan, kontu normalean igotzen ez nituen edukiak partekatzen nituen. Nire inguruko jendeak ikusten zituen, eta gauza gehiago egiteko esaten zidaten askotan. Feedback positiboa ikusita, nire kontu pribatura igotzen nituen edukiak TikTok-en igotzen hasi nintzen pixkanaka.
Edukiak sortzerakoan, zer da zailena zuretzat: ideiak asmatzea ala bideoak editatzea?
Editatzea da niretzat garrantzitsuena, ideiak modu naturalean ateratzen baitzaizkit. Ez naiz egunero bideoak igotzen dituen pertsona horietakoa; jarraikortasun handiagoa izatea eta eduki gehiago sortzea gustatuko litzaidake. Ea pixkanaka lortzen dudan. Ideiak normalean berez etortzen zaizkit burura, eta nire edukiak ere oso naturalak izaten dira: eguna pasatzera joatea, plan bereziren bat egitea, edo trend berriren bat probatzea… Adibidez, Gaztezulok proposatzen dituen jokoekin ere sarritan aritzen naiz. Horrelakoetan, ideiak berez sortzen dira. Baina egia da erronka handiena edizioan dagoela.
Zein izango litzateke zure ametsetako kolaborazioa?
Aukera asko daude! Euskal Herrian, Iban Garcia izango litzateke bat. Izugarrizko arrakasta izaten ari da, eta oso energia ona transmititzen du. Halaber, Benetan Zabiz-eko Aitziber eta Malen aurkezleak ere izugarri gustatzen zaizkit; oso energia ona daukate eta egiten dituzten edukiek kutsu berezia dute. Bestalde, Luma ere asko gustatzen zait, eta baita Albina Stardust ere. Beraz, gaur-gaurkoz, hauek lirateke: Iban Garcia, Alex Padilla, Luma eta Albina Stardust.