Mikel Olazabalek agur esan die arraun emanaldiei, 42 denboraldiren ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Hara!

Arraun denboraldiko azken jardunaldia amaitzerakoan iragarri zuen kazetari zarauztarrak ez duela jarraituko esatari gisa, erretiroa hartuko duelako.

EITBko kirol kazetari Mikel Olazabal zarauztarrak atzo eskaini zuen bere azken arraun emanaldia. Halaxe iragarri zuen estropada amaieran: 42 denboraldiren ondoren, agur esateko unea iritsi zaiola. Maratoi batekin alderatu zuen bere beharra, eta datorren udaberrian jubilatu egingo dela jakinarazi zuen zuzenean. "Izango dira belaunaldi berriak zuei arrauna eskaintzeko", azaldu zuen.

Eskerrak eman nahi izan zizkien arraunlari izan direnei, klubetako ordekariei, federazio eta ligetako arduradunei, EITBko lakide guztiei eta haien bueltan lan egiten dutenei. Era berean, ez zituen ahaztu nahi izan familiako kideak, eta aurrerantzean arraunlariak dituen semeak jarraituko dituela nabarmendu zuen. "Eta zarauztarra izanda, Zarauzko Enbata ere bultzatuko dut!".

Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak lagundu zioten agurreko mezuan, eta Gaztañazpik estropua oparitu zion elkarrekin partekatutako hamabost denboralditako adisketasunaren seinale. Bide batez, Olazabal Joxe Mari Iriondoz oroitu zen, hark eman ziolako zuzeneko bat egiteko lehen aukera. "Maisu handi bat izan zen niretzat, eta asko irakatsi zidan".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide