Bihar hasi eta apirilaren 27a bitartean, astelehen gauero emango du ETB1 telebista kateak Harri Herri saioa. Hirugarren denboraldia du, eta aurrekoetan bezala, hainbat harri jasotzaile ariko dira lehian, zortzi taldetan banatuta.
Gizonezkoen eta emakumezkoen launa talde osatu dituzte, eta berrikuntzarik ere izango da: aurreneko aldiz emakumeak izango dira emakumeen taldeko kapitainak, tartean Zarauzko bizilagun Lur Errekondo.
Hamaseina gizon eta emakume ikusiko dira lehian. Emakumezkoetan, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrak eta Estefania Etxebeste, Patricia Martin, Lucia Orbe, Olaia Esnaola, Goizeder Abendibar, Sara Ansenjo, Eider Garcia Durana, Sara Jimenez de Aberasturi, Itxaso Treku, Zihara Zabala eta Leire Olea ariko dira harri jasotzen.
Gizonezkoetan, berriz, hauek dira Zarauzko ordezkariak: Xabat Olaizola, Paulo Azpiazu, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Imanol Royo Lartain, Iraitz Arruti Burni Txiki, Mikel Lopetegi Urra eta Jokin Eizmendi. Beraiez gain, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak eta Julen Diaz, Xabier Aranburu Guzta, Gari Garmenia, Beñat Telleria, Iker Sojo, Jon Gisasola eta Oskar Aguas lehiatuko dira.
Finala apirilaren 27an, igandearekin, emango dute telebistan. Azken hau Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan grabatu zuten.