Zarautz Kirol Elkarteko futbol taldean lehen urratsak egin zituzten Alex Padilla atezain zarauztarrak eta Urko Iruretagoiena Izeta aurrelari aiarrak Espainiako Bigarren Federazioko liga irabazi dute Athleticen bigarren taldearekin; Bilbao Athlteicekin, alegia. Joan den igandean altxatu zuten titulua Lezaman, Gernikaren aurka jokatutako azken bigarren jardunaldiko partidan, etxeko azkena, eta Zarautzen jaiotako Jose Angel Iribar atezainak ere parte hartu zuen ospakizunean. ZKEko hiru jokalari ohiek argazkia atera zuten elkarrekin eta Padillak bere sare sozialetan partekatu du.
Bada, ospakizunak are gehiago borobiltzeko Bilbao Athleticek 3-1 menderatu zuen Gernika eta Padillak nahiz Izetak osorik jokatu zuten norgehiagoka. Aurrelariak, gainera, gola sartu zuen. Denboraldiko hemezortzigarrena. Bigarren Federazioko bigarren multzoan aritu da Bilbao Athletic, eta bere multzoko onena izan denez gero, Lehenengo Federazioko ligan arituko da datorren denboraldian, mailaz igo baita zuzenean.