Nadia Erostarbek surflari zarauztarrak dagoeneko hasi du prestaketa uztaila amaieran jokatuko dituen Olinpiar Jokoei begira. Tahitiko (Polinesia Frantsesa) Teahupooko uharri entzutetsuak hartuko du surfeko proba eta zarauztarra eremua ezagutzen izan da Aritz Aranburu herrikidea bidelagun zuela.
Aranburu aurrez egona zen han eta eskarmentu hori lagungarria egin zaio Erostarberi Teahupooko olatu berezietara egokitzeko, oso garrantzitsua baita olatu horretan aurreko ezagutza, arriskuak saiheste aldera. Bat Basque Team Fundazioak antolatu du bidaia eta bi zarauztarrekin batera Andy Criere donostiarrak ere parte hartu du, bera ere Olinpiar Jokoetan lehiatuko baita.
Egonaldia amaituta, Aranburu Zarautzen da atzera berriro eta Euskadi Irratiko Hiru Erregen Mahaia kirol saioan elkarrizketatu dute asteburuan han bizitakoaz azalpenak eman ditzan. Erostarbek, ordea, etxera beharrean, Australiara hartu du hegaldia. Challenger Series zirkuituko lehenengo proba jokatu behar du bertan larunbatetik aurrera.