Internetek dituen orotariko tresnen artean, sare sozialak dira hedatuenetakoak gaur egun. Asko daude eta gehien erabiltzen dituztenak jakin nahi izan zuen Zarauzko Hitzak joan den azaroan. Horretarako, galdera zuzendu zien hedabideko erabiltzaileei haren atari digitalean.
Emaitzak eskuan, Instagram da Zarauzko Hitzako irakurleek gehien darabilten sare soziala; izan ere, ia %40 izan da aukera hori hautatu duena. Zehatzago esateko, galderari erantzun dioten 56 erabiltzaileetatik 22k adierazi dute Instagram dela gehien erabiltzen duten sare soziala. Hedabideko irakurleen artean, X (lehengo Twitter) da bigarren erabiliena (%30,36), Facebook hirugarrena (%7,14) eta Tik Tok laugarrena (%3,57).
Horrez gain, inkestak erakutsi du azken urteetan dezente zabaldu den Twitch ez dagoela Zarauzko Hitzako irakurleek gehien erabiltzen dituzte plataformen artean, erabiltzaile bakar batek ere ez baitu aukera hori hautatu. Bi lagunek, berriz, adierazi dute emandako aukeretatik kanpo zegoen beste sare bat erabiltzen dutela gehien.