ANONIMO POPULARRARENAK 03
(Zarautzen, 2023ko otsailaren 3an)
Zahar berriak aditu ditu
anonimoak asteon
Gasolioa karutu dela,
Aberastu dela Chevron,
Osasuna ta Athletic Kopan
Ta gero bi albiste on:
Odonek utzi egin duela
ta bizi dela Puigdemont.
Aitaren zaintzak berriz eraman
du ospitale handira;
bista lausotu ta ondoezak
jotako larrialdira.
Ingresatzeko esan diote
ta plantara igo dira,
urgentziatan egonda gero
eguerditik gauerdira…
Oasi hortan entzun du zerga
erreformaren kukua;
“hausnarketaren hastapenetan”
dagoela asuntua.
Aberastasun handiek hartu
bide dute estutua!,
ikusita zer arin berritu
ziguten estatutua.
Gutxieneko soldata, berriz,
ez balitz berez fraudea,
hirurehun euro da batez beste
hipoteken hazkundea…
eta milioiak batu ta batu
ari da BBVA!,
jendea etxez gabetzen duten
lapurren erakundea.
Lurra porlan ta porlana diru
dituen mundu krudela…
anonimoa etsita dago
absurdura heldu dela.
Irulegiko eskua marka
nahi baina ezin dutela,
erregistratu dezaketela
Lezetxikiko tunela.
Bere artean pentsatuz zaharrak
nola arraio berritu…
aplikazio moderno bati
buruz ez du ba aditu!
Notizi hauek gailuan sartu:
ehun hitz, bi mila digitu,
eta, hara hor!, ChatGPTak
bertsook idatzi ditu.