Gurutxurtuk antolatutako beldur gauak arrakasta handia izan du

Zergatik daude arimak haserre izenarekin lehenengo aldiz beldur ibilibidea antolatu zuen ostegun gauean Gurutxurtu Aisialdi Taldeak. Bertan, 600 lagunetik gora parte hartu zuten.

Gurutxurtuk antolatuta, Zergatik daude arimak haserre beldur gaua ospatu zuten joan den ostegun gauean Santa Klara komentuan. Antolatzaileek behar bezala girotu zuten bertako barrukaldea, edozein ikaratzeko moduan, eta horrek jendearen ikusmina piztu zuen, ekintza hasi baino orduerdi lehenago ilara luzea zegoelako sarrerako lorategian. Guztira, 600 lagunetik gora parte hartu zuten.

Pixkanaka haur txikienak taldeka sartzen hasi ziren komentu barrura, oihu eta izu artean. Espero baino jende gehiago agertu zenez, gurutxurtukideek luzatu egin behar izan zuten beraien jarduera goizeko ordubiak arte ia-ia. Ikusitakoak ikusita, "Zarauzko herria beldur gosez zegoela" azaldu dute antolatzaileek.

Argazkia: Ekhi Berra

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide