Goialdean, berriz, gauzak oso bestelakoak dira: bi saio puntuagarriren faltan, orain arte hiru edo lau traineru baldin baziren txapelaren lehian ari zitezkeenak, orain, besteekiko aldeak zabalduta, bi dira soilik hautagai, Santurtzi eta Hondarribia.
Norberak badaki zerri eta zeini begiratu behar dion geratzen diren ligako bi estropadetan. Norberak honezkero aterako zituen bere kontuak, eta eginak izango ditu bere analisi eta balorazioak. Liga amaitu aurretik, baina, Kontxa geratzen da: gizonezkoetan, faborito argirik gabe baina aukera gehiago edo gutxiagorekin, sei traineru nagusietako edonor gailendu daiteke. Gainetik begiratuta, ez dirudi jende askok egingo lukeenik apustu aurtengo Oriorengatik, emaitza aldetik ez dabilelako espero bezain goian, baina ezin da fidatu ezta ere. Edonork eman dezake mahaigaineko kolpea. Lehenik sailkapen estropadan, hor ere ezustekoak egon baitaitezke denboraldi lehiakor eta irregular honetan.
Pena, Orio, liga irabazteko lehiatik kanpo geratu dela; eta pena, Zarautz, inork gutxik espero zezakeen denboraldi puska egin arren, azken unean play-off-etan geratzea. Dena ez da amaitu hala ere: oraindik badago zer irabazi eta zer ospatu.