Euskaraldian parte hartuko duten eta egitasmoa babestuko duten mota guztietako entitateak dira sustatzaileak. Egitasmoaren zabalkundean, prestakuntzan eta komunikazioan Zarauzko batzordearekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute dagoeneko herriko hainbat eragilek, horien artean argazkietan ageri diren Garoa Liburudenda eta Literaturia.
Mota guztietako eragileak (eskolak, elkarteak, aisialdi taldeak, komertzioak, ostalaritza...) barneratzen dituen sarea osatzen ari gara herrian, 11 egunez euskaraz bizitzea erosoagoa eta errazagoa izan dadin. Euskaraldia ariketa sozial masiboa da eta ikusgarria egin behar dugu, euskaraz bizi nahi duen orok horretarako aukera izan dezan, askatasunean. Pertsonak Ahobizi eta Belarriprest txapekin identifikatzeaz gain, euskaraz egiteko aukera ematen diguten herriko establezimendu, komertzio, elkarte, lantegi, instituzio eta taldeak ere identifikatu nahi ditugu, beren baitan Ahobizi eta Belarriprestak aurkitu ahal izango baititugu 11 egunez.
Bagoaz pixkanaka pixkanaka Euskaraldiaren Zarauzko sustatzaile sarea ehuntzen. Zuk ere saretu nahi baduzu, jarri zaitez gurekin harremanetan zarautz@euskaraldia.eus posta elektronikora mezua bidalita.