Agian istorio guztiak ez dira amaitzen maitasuna amaitzen den unean. Batzuk leku arraroren batean zintzilik geratzen dira, izan zitekeenaren eta inoiz izan ez zenaren artean. "Non irakasten dute agur esaten?", galdetu zidan behin lagun min batek. Ez nuen jakin erantzuten. Zaila da zerbaiti agur esatea, batez ere, hura bizi izan zutenek borondatez amaitu denik sentitzen ez dutenean.
Nostalgiaz gogoratzen dut hura, baina arraro, eta sinestezina dirudien arren, ez dagoenetik lasaiago bizi naiz. Arraroa da altuan esatea, ez baitago bere itzulera baino gehiago espero dudan ezer. Gertatu zena gertatu zenetik, etengabe pentsatzen dut ez dugula gure etorkizuna aukeratzen. Behintzat horrela izan zen egon ginen denboran. Haren itzalak ez gintuen bakean utzi, eta azkenean, irteerarik gabeko bidegurutze etengabe batean amaitu genuen.
Badira seme-alaben bizitzetan gehiegi sartzen diren gurasoak, haien beldur, ezindura eta gabeziak seme-alaben erabakiekin nahasten dituztenak. Suposatzen dut maitasunetik egiten dutela, edo maitasuna dela sinetsita, baina babesteko asmoz eraikitako hormek barruan dagoena ere itotzen dute noizbehinka.
Ezinbestean, egoerak erre egiten zaitu, eta ibaiaren beste aldean egon arren, hazteari uzten ez dion ezintasuna sortzen da zure baitan. "Nola eskatuko diot beste pertsonari uretara jauzi egiteko, handik aterako den ala ez jakin gabe?", galdetzen nion behin eta berriz neure buruari. Ez eskatu, ez da gomendagarria. Zentzugabea da konponbide bat exijitzea irtenbiderik ikusten ez duenari.
Umorerako indarra ere izan genuen noizbait, orain baino gehiago ziurrenik. Romeo eta Julieta ginela ere esan genuen behin edo behin. Baina lasai, amaiera ez da hain tragikoa, kar-kar.
Tristuraz, antsietatez eta frustrazioz betetako zurrunbilo horren barruan ere elkar maitatzeko gai izan ginen. Agian ez modurik onenean, baina egoerak ahalbidetzen zuenean bai, behintzat.
Une batzuetan azkarregi amore eman genuela sentitzen dut. Beste batzuetan, berriz, eskura genituen aukera guztiak agortu genituela. Berriro saiatzeko berandu ez dela dioen nor edo nor bada. Ni, egia esan, ez nago hain ziur. Hainbeste denboran askatu ez den korapiloa askatzerik izango al da inoiz.
Askotan pentsatu izan dut ea zer gertatuko litzatekeen benetan gure esku egon izan balitz. Agian beste modu batean amaituko zen dena, edo agian ez zen inoiz amaituko. Agian izan zitekeenaren eta inoiz izan ez zenaren artean geldituko da betiko.