Zarauzko EH Bilduk herri batzarra egin zuen joan den asteartean. EH Bilduren egoitzako bilera aretoa jendez beteta zegoela, Zarauzko herriak bizi dituen erronkez eta EH Bildutik egin beharreko lanaz aritu ziren, bi ordu iraun zuen bileran.
EH Bildutik Nazio Elkarrizketa bultzatzen ari garen garaian etorri da batzarra. Nazio mailako entzute ariketa erraldoiaren barruan, Zarautzen bertan ehundik gora herritarrekin aurrez aurreko elkarrizketak egiten ari gara, elkarrizketatu bakoitzak esaten duena entzun, jaso eta partekatzeko prozesu zabalaren barruan. Herritarrekin hitz egitea, parte hartzea sustatzea eta erabakiak elkarrekin hartzea baitira gure lan egiteko modua. Zarautz blokeatuta dagoela eta herriak mugitu egin nahi duela jasotzen ari gara esparru anitzetatik; Zarautz une erabakigarrian dagoela, herriak aurrera egin nahi duela.
Eta, egoera horretan, blokeo instituzionala gero eta nabarmenagoa dela nabarmendu zen batzarrean. Arazoak pilatzen ari dira eta konponbideak ez dira iristen. Egunerokoan gero eta nabarmenagoa da herriak dituen behar nagusiak ez direla udaletik behar bezala artatzen. Azpiegituretan egiten diren obrek ez dute arazoen muina ukitzen eta egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute. Etxebizitzaren prezioa etengabe igotzen ari da eta tramite garrantzitsuak, hala nola zona tentsionatuaren izendapena, geldirik daude. Ez da aurrerapausorik eman, eta herritarrek egoera hori egunero pairatzen dute.
Kirol eta kultur azpiegiturak ere txiki geratu zaizkigu. Kiroldegia saturatuta dago, igerilekua leporaino, musika eskola eta kultur espazioak muga‑mugan, antzerki eta dantza taldeak espaziorik gabe, liburutegia beteta. Azpiegitura publikoak gainezka daudelako, gero eta espazio pribatu gehiago irekitzen dira, eta herritar askok ez dute beste aukerarik. Herria handitu da, baina azpiegiturak ez. Eta bitartean, Udal Gobernua barne tirabiretan galduta dabil, herritarren arazoei erantzun gabe.
Batzarra ez da bilera isolatu bat izan, ez da tramite hutsa izan. Ez da soilik informatzeko izan; herritarrekin batera erabakiak hartzeko espazioa ere izan da. Herritarrei entzutea da gure lan egiteko modua eta herri batzarra azken hilabeteetan egiten ari garen lana partekatzeko eta herriarekin batera norabidea marrazteko aukera izan da. Zarautz biziberritzeko beharra nabarmendu du koalizioak, “eta horretarako herriaren indarra eta ahotsa izango dira gure gidari nagusiak”.
Aberri Egunerako autobusa
EH Bilduk Aberri Eguna Iruñean ospatuko du aurten, Zazpiak bat egin lelopean. Egun osoko egitaraua izango da apirilaren 5ean: Golem zinemetatik 12:00etan abiatuko den manifestazioaz gain, ekitaldia, haurren gunea, kontzertuak eta kale animazioa ere izango dira. Zarauztik bertaratzeko autobusa antolatu da egun horretarako, eta dagoeneko izena eman daiteke Arrano eta Eguzki tabernetan edo online. Autobusa Frantziskotarren eliza aurreko geralekutik aterako da 10:00etan, eta 19:00etan egingo du itzulera Iruñetik.