Azken urteetan, Zarautz asko handitu da, etxebizitza berri ugari egin direlako batez ere. Horretaz gain, urtez urte, kirola egiteko ohitura handitu egin da, eta herritar andanak bere egunerokoan jarduera fisikoa egiten du. Ondorioz, eta kontuan hartuta azpiegitura berri gutxi egin dela azken hamarkadan, kirol gune publiko gutxi ditugu herrian. Gutxiegi agian.
Hori dela eta, urte amaierako osoko bilkuran, Asti handitzeko hitzarmena onartu zen, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Baina zeintzuk dira hitzarmen horren ezaugarriak? Bi zati dituela esan genezake: alde batetik, egungo Astiren atzeko belardiaren erosketa dago; eta bestetik, berriz, lurrak saldu dituen jabearekin egindako hitzarmeneko baldintza bereziak, zehazki, baserriaren segregazioa zortzi etxebizitzataraino onartzea.
Astin lurrak erostearen alde azaldu ginen, ondare publikoa handitzea herritarrentzat onuragarria delako. Hala ere, beste kontu bat da erositako lur horien erabilerak zein izan beharko lukeen. Baina gaurkoan, ez dugu horretan gehiegi sartu nahi.
Gure ustetan, Zarauzko Udalaren eginbeharra legearen arabera lur horien prezioa zehaztea izan beharko luke, ondoren salerosketa ixteko. Prezioa murriztu edo plan orokorrak bere horretan uzten ez dituen beste era bateko aldaketak egitea jabe batzuei, herritarren artean ezberdintasunak egitea eragiten du, hau da, maila ezberdineko herritarrak izatea. Eta egun bizi dugun gizartean, ekonomiak jada gehiegi mailakatzen gaitu herritarrok; beraz udalak mailaketa sakon horri beste koska bat gehitzea ezin dugu onartu.
Zergatik kasu honetan udalak ez du beste zenbait kasutan bezala jokatu? Hau da, zergatik oraingoan salerosketaren parte ez den baserri baten jabeari zortzi etxebizitza egiteko baimena eman dio eta beste hainbat kasutan, adibidez, baserri batzuen banaketa eskaerak ukatu? Zarauzko EH Bilduko kideoi ez zaigu bidezkoa iruditzen salbuespenak egitea behin eta berriz, herritar guztiak maila berekoak garela oso garbi dugulako eta udalak berdintasuna bermatu beharko lukeelako.
Laburbilduz, hitzarmen honen aurrean gure iritzia oso garbi utzi nahi dugu: nahiz eta herriaren baliabide propioak sustatzearen alde egon, herritarren artean pribilegioak sortzen dituen arauen aldaketak egitea ez dugu onartuko.