Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek elkarlanean egindako erakusketa Zarautzen ikusgai izango da irailaren 22tik 26ra

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2025eko irailaren 21a

'1975, dena jokoan zegoen urtea' erakusketako irudi bat.

Datorren astean 50 urte betetzen dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. 1975, dena jokoan zegoen urtea erakusketaren irekiera ekitaldia astelehenean izango da, 18:30ean.

Bost hamarkadaz, fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan dituzte senide horiek. Zorionez, herri ekimenez haien senideei egindako oroimen eta aitortza ekitaldiak izan dira urteotan, eta horren erakusle da irailaren 28rako (12:00etan Azken Portun, Egaña kaletik abiatuko dena) Zarautzen antolatutako herri ikuskizun ibiltaria ere. EH Bilduk ere bere ekarpena egingo du, eta Bilgunea eskaini die Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei, 1975, dena jokoan zegoen urtea erakusketa ikusgai jartzeko.

"Aurten mende erdia bete da Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten urte seinalatu hartatik; urte berean hil zen Franco, eta Juan Carlos Borboikoak haren oinordetza hartu zuen Espainian", gogoratu dute erakusketaren antolatzaileek. Fundazioekin hala hitzartuta, irailaren 22tik 26ra egongo da erakusketa ikusteko aukera, Urdaneta kaleko egoitzan. Astelehenean 18:30ean izango da irekiera ekitaldia, eta Andoni Olariagaren eskutik erakusketaren bista gidatua izango; eta luntxa, ondoren. Goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta irailaren 26an, ostiralean, erakusketa Plaza Gorrian izango da.

Egun berean, 19:00etan, Txikiri aitortza instituzionala egingo zaio udaletxean lehenengo aldiz, herriak familiarekin duen zorra kitatzeko garaia da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide