Santa Klarako proiektua: EAJren noraezaren adibide

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2025eko maiatzaren 31

Santa Klara komentua. (Aritz Mutiozabal)

EH Bilduk azaldu duenez, EAJk ez du "gardentasunez jokatu Santa Klararen erabilerarekin". Gainera, proiektu berri baterako kreditu aldaketaren aurrean, oposizioak azaldu du proiektuak "kalitatezko prozesua" merezi duela, "bai edukiaren aldetik, bai kudeaketaren ikuspegitik".

Apirileko udalbatzarrean behar besteko babesik jaso ez zuelako, Santa Klarako proiektua onartzeko puntua mahai gainean utzi zuten. Maiatzeko udalbatzarrean, berriz, proiektu berri baterako kreditu-aldaketa aurkeztu zuten, aurreko 24 milioi euroko proiektua baztertuta.

Alkateak aurkeztutako proposamen berriak 5,5 milioi euroko aurrekontua izango duela adierazi du: horietatik 3 milioi Europako diru-laguntzatik etorriko lirateke, eta 2,5 milioi udalak jarriko lituzke. Horretarako 1,4 milioiko kreditu aldaketa proposatu zen maiatzaren 29ko udalbatzarrean.

EH Bilduren ustez, azken udalbatzarrean jorratutako gai honek kontuan hartzeko moduko ibilbide luzea izan du; izan ere, hasieratik ez dira gauzak ondo egin. Lehen urratsetatik, aurreproiektua presaka osatu zen diru-laguntzen epeak bete ahal izateko, eta herritarren parte-hartze prozesuak ere hutsune larriak izan zituen: data desegokiak aukeratu ziren, galdetegia bideratuta aurkeztu zen, eta proiektua ez zen herriak benetan behar zuena. Izan ere, hasierako proposamena egungo kultur zerbitzuen lekualdatze hutsa zen, eskema zaharrak errepikatzen zituena eta, zalantzarik gabe, Santa Klarak eskaintzen dituen aukera paregabeak alferrik galtzen zituena.

EH Bilduren ustez, hori guztia bezain larria izan da aurrekontuaren kudeaketa. Hasieran 8,6 milioi euroko aurrekontuarekin aurkeztu zen —kasualitatez, hauteskundeen atarian—, eta gero 24 milioi eurokoa bilakatu zen. Aurrekontuaren hirukoiztearen aurrean, gainera, EAJk ez du gardentasunez jokatu eta ez die herritarrei egoeraren berri eman. Ondorioz, zarauztarrek ez dakite Santa Klara zergatik dagoen geldirik.

Orain, proposamen berri honekin, EH Bilduren ustez berriz ere presaka hartutako erabaki baten aurrean gaude, beharrezko ziurtasun eta bermerik gabe.

Zarauzko etorkizuneko proiektu erabakigarrienetako bat da Santa Klara, eta EH Bilduren iritziz horrek kalitatezko prozesu bat merezi du, bai edukiaren aldetik, bai kudeaketaren ikuspegitik. Oraindik garaiz gaude bide zuzenera itzultzeko.

EH Bilduren aburuz, baina, EAJk aurkeztutako azken proposamenak hutsune nabarmenak ditu berriz ere kudeaketa mailan. Ez dago dokumenturik edo txostenik, proiektua txikitu arren lehen esleitutako Europako 3 milioiko diru-laguntza osorik jasoko dela bermatzen duenik. EAJk adierazi du lanak amaitzeko epea —2026ko martxoa— luzatu ahal izango dela, baina ez dago hori ziurtatzen duen dokumenturik. Gainera, obra 5,5 milioi eurokoa izango dela diote, baina oraindik ez dago aurrekontu zehatzik. EH Bildutik galdera argia egiten dugu: Lehen 8,6 milioi eurotik 24 milioira igo bazen, zergatik sinetsi behar dugu orain 5,5 milioitan geldituko dela?.

Guk ere 3 milioi euroko diru-laguntza aprobetxatu nahiko genuke, baina EAJk gaia jorratu duen moduak ez digu inolako konfiantzarik ematen. Udal arduradunak gara, eta ez gara gure patrikako diruarekin ari; herritarren dirua da jokoan dagoena. Ziurgabetasun honekin ezin dugu erabaki arduratsurik hartu.

Horregatik, EH Bilduk kreditu-aldaketa honen kontra bozkatu zuen maiatzaren 29ko udalbatzarrean, proposamena nahikoa landuta ez dagoela iritzita. EH Bilduk argi utzi du: proiektua ondo aztertu, aurrekontua eta epeak ziurtatu, eta gainontzeko ziurgabetasun guztiak argitu ondoren, bere botoa aldatzeko prest egon daitezke. Hala ere, oraindik ez dago baldintzarik erabaki hori hartzeko.

EH Bilduk, modu arduratsuan jokatu nahian, orain arte ez du publikoki kritikatu Santa Klararen inguruan egindako kudeaketa («txapuza»). Hala ere, azken hilabeteotan gertatutakoa ikusita, uste du herritarrei egia jakinarazteko garaia dela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide