Lokal komertzialetan jartzen diren apartamentu turistikoei buruzko araudia egin beharko du Zarauzko Udalak, eta bitartean apartamentu berriak irekitzeko baimenak eten, EH Bilduk proposatutako mozioak aurrera egin duenez apirileko udalbatzan, PSE-EEren udal taldearen adostasunarekin eta EAJren kontrako botoekin. EH Bildu oso pozik agertu da erabakiarekin.
EH Bilduk Zarauzko merkataritza kaleetan apartamentu turistikoekin gertatzen ari dena salatu nahi izan du mozio honen bidez. "Azken hilabete eta urteetan Zarauzko kaleetako lokal komertzialetan apartamentu turistiko asko irekitzen ari da", dio EH Bilduk proposatutako eta udalak onartutako mozioak. “Kaleak, merkataritza kale izatetik logela kale izatera pasatzen ari dira eta neurri gabeko hazkunde honek ondorioak eragiten ditu gure herrian”.
EH Bilduren ustez, apartamentu turistikoen ugaritze honek ondorio kaltegarriak ditu herriarentzat eta herritarrentzat: herriko merkataritzari kalte egiten dio, kaleetako bizitzari eragiten dio, eta turismo plazak kontrolik gabe gehitzen ditu. EH Bilduk ohartarazi du herri baten turismo kargaren ahalmena ez dela mugagabea eta ahalmen hori zehaztu, arautu eta kontrolatu egin behar dela.
Behar horretatik etorri da mozioaren proposamena. Izan ere, Zarautzen ez dago lokal komertzialetako apartamentuak erregulatzen dituen araudirik eta berandu baino lehen hori egitea beharrezkoa ikusten du EH Bilduk.
Udal gobernua etxebizitzari buruzko hausnarketa prozesu partekatu bat egitekoa da herritarrekin laster, eta bai EH Bilduk eta bai PSE-EEk mozioa hausnarketa saio horiekin guztiz lerrokatua dagoela uste dute. Izan ere, mozioa onartzearekin, baimen berriak momentuz eten egingo dira eta, araudia egitean, kontuan hartu ahal izango da hausnarketa saio horietan jasotakoa.
EAJak mozioaren aurka egiteko erabilitako argudioak zentzurik ez duela ere adierazi du EH Bilduk. Izan ere, Garbiñe Oiarbidek EAJko bozeramaileak plenoan esan zuen EH Bildu, mozio honen bidez, “herritarren parte-hartzeari oztopoak jartzen eta herritarrei hitza lapurtzen” ari dela, eta, horregatik mozioaren edukia baloratzera ere ez zela sartu ere egingo.
EH Bilduren iritziz, EAJren argudioak ez du funtsik, mozioak ez baitie inolako trabarik egingo herritarrekin egingo diren hausnarketa saioei. Hare gehiago, biak guztiz osagarriak dira. Eta EAJko bozeramaileak adierazi zuenaren kontrara, eta beti egin duten bezala, herritarrak parte-hartze prozesu horretara animatzen dituztela adierazi du EH Bilduk.
Honenbestez, EH Bilduk espero du Udal Gobernuak atzerapenik gabe abiatzea mozioan onartu dena gauzatzeko prozedura.