Lehengo osteguneko udalbatzarrean, besteak beste, etxebizitzaren arazoaz eta dirulaguntza proposameni buruz hitz egin zuen Zarauzko EH Bilduk.
Udalbatzan landu ziren gaien artean, Zarauzko diru-laguntzen plana onartu zen. Herritarren onura eta bizi kalitatea bermatzeko helburuarekin, aurrekontuetako negoziazioetan eskatu zituzten eta onartu ez ziren hainbat dirulaguntza faltan bota zituztela esan zuen Itziar Murua EH Bilduren bozeramaileak. Horietako bi etxebizitzarekin zer ikusia dutenak dira: gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak eta Alokabide bitartez bere etxea alokatzen duen etxejabearentzat dirulaguntzak. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko gaia izan arren, udaletik ere laguntzea ezinbestekoa dela uste dugu” esan zuen Muruak.
Aztertu zen beste puntuetako bat 2024ko araugintza plana izan zen. Puntu honetan bere poza adierazi zuen Muruak, etxebizitza tasatuen eta lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzak aldatzeko asmoa duelako Udal Gobernuak. “Laster izango da hurrengo etxebizitza tasatuen zozketa, eta badakigu tasatuak izanda ere prezioa oso altua izango dutela. Udaletik, horretan eta beste hainbat baldintzetan, eragin dezakegu, Udal Ordenantzan jartzen diren koefizienteak aldatuz, besteak beste. Horregatik, diogu ordenantza horri buelta bat ematea behar-beharrezkoa ikusten dugula”, dio Muruak.
Baina plan horretan EH Bilduk faltan bota zuen araudi bat ere badela esan zuen: apartamentu turistikoena. “Guretzat apartamentu turistikoak arautzeko premia handia dago. Zarautzen ez daukagu araudirik mota honetako zerbitzuetarako; Eusko Jaurlaritzak jartzen dituen baldintzak bakarrik bete behar dituzte (bakoitzaren baldintza fisikoez hitz egiten duena) baina gainontzean, hirugarren sektoreko edozein negozio jar daitekeen tokietan jar daiteke apartamentu turistiko bat Zarautzen. Eta ikusten ari gara zenbat ari den horien kopurua handitzen. Ezinbestekoa ikusten dugu gai honi heltzea”.
EH Bilduk, prentsa ohar bidez gogorarazi du irailean etxebizitzari buruzko azterketa bat egitea eta Zarautz herri tentsionatu izendatzeko eskaera egitea gehiengoz adostu zela, EH Bilduk sartutako mozioari esker eta horren ondorioz azterketa hori martxan dagoela. “Azterketa hori bukatu, justifikazio-memoria eta hiru urterako Etxebizitza Plana egin eta gune-tentsionatu izendatzeko eskaera lehenbailehen egitea espero dugu. Eta pentsatu nahi dugu azterketa horretan etxebizitza turistikoak ere aztertuko direla eta emaitzak ikusitakoan hori ere arautzea erabakiko dela”, dio oharrak.
Urtea Zarautz Espainiako hamar garestienen artean kokatzen dela zioen albistearekin hasi genuela eta horrek asko kezkatzen dituela esan du EH Bilduk .”Zarauzko EH Bilduren kezka handietako bat da etxebizitzarena. Horregatik proposatu genuen gure hauteskunde programan Etxebizitza Behatoki bat sortzearena. Lege berriak aukera paregabea eskaintzen digu arazoari irtenbideak ematen hasteko baina jakina, ez da nahikoa, neurri gehiago hartu behar dira. "Etxebizitza-politikak birpentsatzea eta aldatzea ezinbestekoa da, konponbideak ertz askotatik helduz. Eta horrek lana egitea suposatzen du”.