EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bitartez, zarauztarren etxebizitzaren eskubidea bermatzeko neurriak hartzea erabaki da

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2023ko urr. 1a, 13:00

Etxebizitza legea aplikatuz, Zarautz gune tentsionatu izendatzeko eskaera egitea adostu da, besteak beste.

EH Bilduk Zarauzko Etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak proposatzen dituen mozioa
aurkeztu zuen ostegunean egin zen iraileko udalbatzan, eta EH Bildu eta PSE-EEren aldeko
eta EAJren abstentzioarekin onartua izan zen.

Zarauzko EH Bilduren ustez, etxebizitza bermatu gabeko oinarrizko eskubide bat da
Zarautzen. Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak esan zuen azken urte hauetan etxe asko
eraiki diren arren, arazoari ez zaiola konponbiderik eman: “Herritar askok ezin dute etxe bat
erosi edo alokatu Zarautzen, ezta babes ofizialekoak izanda ere”.

Zarautz Gipuzkoa eta Euskal Herriko herri garestienetakoa denez, oposizioko taldeak uste
du Udalari gai honetan esku-hartzea dagokiola eta horretarako etxebizitzaren inguruko
hainbat alderdiren azterketa sakon bat egiten hasi behar lukeela. “Konponbidea erraza ez
den arren, zarauztarrentzat erreminta legalak badaude etxebizitza eskubidean hobekuntzak
lortzeko, baina horiek aplikatzeko diagnostiko zehatz bat behar dugu lehendabizi”, dio
Muruak.

Apartamentu eta etxebizitza turistikoak ere aipatzen ditu mozioak. Udal taldearen ustez,
horiek gehiegi ugaltzen ari dira Zarautzen, eta, ezinbestean, gaia arautu beharra dago.
Horregatik guztiagatik, Zarauzko EH Bilduk eskatu du etxebizitzaren inguruko egungo
egoera eta beharren datuak bildu eta azterketa orokor bat egitea, horretarako beharrezko
baliabide pertsonal eta ekonomikoak jarriz. Itziar Muruaren esanetan, “azterketa honen
helburua da etxebizitza legeek ahalbidetzen duten pausoak ematea. Adibidez, ezinbesteko
urratsa da alokairuaren prezioei topeak jarriko lizkiokeen gune tentsionatu izendapena
lortzea. Baina, ez hori bakarrik, azterketa horrek etxebizitza politikak zehazteko balio
beharko liguke”.

Zarauzko EH Bildu oso pozik agertu da, udalbatzarrean eztabaidatu ondoren, aurrera egin
baitu proposamenak, PSEren eta EH BIlduren aldeko botoarekin eta EAJren
abstentzioarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide