Ostalaritza ordenantzak aurrera egin dezan, akordioa adostu du EH Bilduk EAJrekin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2022ko aza. 24a, 18:25

Urriko udalbatzarrean Udal Gobernuak ostalaritza ordenantza erretiratu egin zuen, hau aurrera ateratzeko beharrezko gehiengorik ziurtatu ez zuelako.

Azken egunetan, EAJk EH Bilduk proposatutako bi ekarpen txertatzeko konpromisoa onartu duenez, ordenantzak aurrera egingo du. EH Bilduko bozeramalea den Itziar Muruaren hitzetan, "ordenantza garrantzitsua da, zarauztarron bizi-kalitateari zuzen zuzenean eragiten digun ordenantza da”.

 

Muruak adierazi duenez, "ez da erraza herritarren atsedena eta ostalarien lana eta jendearen aisiaren arteko oreka bat lortzea. Batzuk eta besteak nahi dutena kontrajarri egiten dira askotan eta horregatik horrelako ordenantza batekin oso zaila da denak gustora geratzea. Baina hala izanda ere, Udalaren zeregina da horra hurbiltzen saiatzea".

 

EH Bildu abstenitu egingo da osteguneko udalbatzarrean, ordenantzaren onarpena erraztuz, hurrengo egunetik aurrera bi puntuetan ordenantza aldatzeko lanean jartzeko adostasuna lortu duelako.

 

Urriko udalbatzarretik bi aldaketa adostu ditu EAJrekin EH Bilduk:

 

 

Ezaugarritu eta ez zonifikatu

 

 

Ordenantza bat ez da urtebeterako egiten, eta horregatik "gune zehatzak aipatzea ez dugu ondo ikusten. Egokiena ordenantzan eremu bakoitzari izaera berezi hori aitortuko lieken ezaugarriak zehaztea izango litzateke. Modu horretan ez gara toki konkretu bati berezitasunak ezartzen ari, egoera bat gertatzen denean konponbideak jartzen saiatzen baizik" Muruaren iritziz. 

 

EH Bilduren ustez, taberna eta zonen joera eta modak denborarekin aldatu egiten dira. Eta ordenantza bat onartzerakoan, ez lioke momentuan bakarrik dagoen egoerari erantzun behar, etorkizuneko urteetan aurreikusi daitezkeen egoeretara ere aurreratu beharko litzateke.

 

Barren Plaza eta Patxiku kaleari izaera berezia ematen zaie bertako zaraten ondorioz, eta izaera berezi horregatik Barren Plazako terrazen ordutegia (ez tabernena) Zarauzko beste guneekiko murriztea proposatzen da. EH Bilduren iritziz guztiz neurri diskriminatzailea gune horietako tabernentzat.

 

Zentzu horretan, EAJrekin adostutako akordioaren baitan, kalitate akustikoa betetzen den ikusteko, aisialdiak sortutako zarata neurketak egiteko partida bat urteroko aurrekontuetan sartuko da eta urtero egingo da neurketa, lehena 2023ko maiatza amaitu aurretik.

 

 

Euskarari lehentasuna

 

Bigarren arrazoia ordenantzaren gehigarrian jarri diren hizkuntza baldintzak  izan ziren. 

 

Zarauzko espazio publikoan kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat jarritako informazio idatzia euskaraz idazteko betebeharra daukatela dio puntu horretan. Ordenantzak dio euskaraz idatziko direla okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak: menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak… Eta euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere idatzi ahal izango direla, baina, elementuak hizkuntza batean baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna eman beharko zaiola.

 

Muruaren iritziz, “puntu honekin bat gentozen, guk proposatutakoa baitzen izan. Baina eragina izan dezan ordenantzan jartzearekin nahikoa ez eta lanketa bat ere egin beharko zela esan genuen”. Horretarako, Euskara Departamentuari 2023ko aurrekontuetan partida berezi bat jarriko zaio, udalak beharrezko kontratazioak egin ditzan, ostalari eta merkatariekin lanketa berezi bat egin dezan.

 

EH Bilduk, "arduratik eta eraikitzaile" gobernatzeko konpromisoarekin jarraitzen duela azaldu du Muruak. "Soluzioak bilatzeko lanean" jarraitzen dugu.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide