Irailean sartu garenez, laster hasiko da ikasturtea Zarautzen ere, eta ehunka ikasle joango dira egunero ikastetxeetara oinez, bizikletan edota garraio publikoan.
Eskolarako bidean, garrantzitsua da Lapurdi kalea, Salbatore Mitxelena Ikastolako eta Orokieta Herri Eskolako ikasleentzat bereziki. Trenbidean egiten ari diren lanengatik, ordea, pasa den ikasturtearen amaieran ere nahikoa baldintzatuta zegoen mugikortasuna kale horretan. Orain, ordea, egoerak okerrera egin du, tren geltokia eraistearen ondorioz kale horretan eta Gaztainpe plazan egin diren aldaketengatik.
Uda osoa igaro da, eta Zarauzko EH Bilduk kezkaz ikusten du Udal Gobernuaren gelditasuna, ez baitu oinezkoen eta txirrindularien ibilbide segurua ahalbidetzen duen neurririk hartu, ikasturtea hastear den arren.
Ez dago Maria Etxetxikitik igarotzen zen bizikleta-bidearen ordezkorik, eta Lapurdi kaleko bidegorria ezin da erabili. Trenbidearen ondoan dagoen espaloia, berriz, moztuta dago Musika Eskolaren inguruan eta, beraz, parean dagoen espaloia baino ezin da erabili. Han, ordea, espaloia estuagoa da eta ez du oinezkoen eta bizikletan doazenen arteko arteko bizikidetza egokia ahalbidetzen.
Areago, inguru horretan ikusi ditugun neurri bakarrak ibilgailu pribatuaren erabilera errazteko izan dira, Zarautzen barrena mugitzeko modu ohikoenak eta iraunkorrenak erabat baztertuta eta ahaztuta.
Ikasleen eta herritar guztien segurtasuna bermatu behar da
Erraz asma daiteke laster ikasturteari ekin eta ikasleak eskolan hasten direnean zer gertatuko den, batez ere eskola-orduen hasieran eta amaieran: bizikletan doazenek ezin izango dute ez galtzada eta ez espaloia erabili, eta batean eta bestean bat egingo dute oinez doazenek eta bizikletan doazenek.
Egoera hori Zarauzko Udal Gobernuak mugikortasun iraunkorraren alde duen interes eskasaren isla da, Zarauzko bizikleta-bideen utzikeria orokorra bezala. Jarrera horrek erabat aldatu behar du, herritarren bizkar onartu nahi den Mugikortasun Plana babes handiarekin abiaraztea nahi bada behintzat.
EH Bilduk Xabier Txurruka alkateari eskatzen dio Zarauzko bizikleta-bide eta azpiegituren plan berezia bete eta errespeta dezala, plan berria onartu bitartean behintzat. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen plana udal osoko bilkurak onartu zuen, eta bizikleten bide-sarea mantentzera behartzen du Udala, eta orain ez da horrelakorik egiten.
EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio zarauztarren ongizateaz eta segurtasunaz ardura dadila, eta lanak hasi aurretik aurreikusita eta konponduta egon beharko lukeen arazo bati irtenbide egokia eman diezaiola lehenbailehen, Zarauzko ikasleen eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko.