Soilik zerbitzuetara bideratutako herri eredua indartzen jarraitzen du Udal Gobernuak Abendañori buruzko erabakiarekin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2022ko uzt. 8a, 09:30

Azken udalbatzarrean hartutako erabakiek "soilik zerbitzuetara bideratutako herri ereduaren apustua" indartzen dute EH Bildu koalizioaren iritziz. 

Joan den asteko udalbatzak Abendañoko lur zoruari buruz hartutako erabakiak zarauztarrok behar dugun herri eredutik urrundu egiten gaituela uste du Zarauzko EH Bilduk. Izan ere, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak bultzatutako erabakiaren ondorioz, bi partzeletan txikizkako merkataritzari eta gainontzekoetan aisia eta beste zerbitzu batzuei ateak ireki zaizkie orain Abendañon, lehen Errotaberrin egin zen bezala.

EH Bilduren iritziz, soilik zerbitzuetara bideratutako herri ereduaren apustua indartzen du erabaki honek, eta industriaren garapenari bidea zaildu. Aldaketa honek zerbitzuen garapenaren aldeko joera are gehiago indartzen du, herritarrok herritik kanpo geratzen den gune bateruntz bultzatzen gaitu, herriari nortasuna eta bizitza kenduz, eta kontsumo jasangarriaren eredutik urruntzen gaitu. Gainera, zonalde horretako trafiko arazoak oraindik gehiago handituko ditu.

Gai honetan, gainera, Xabier Txurruka alkateak herritarrei ez die egia esan: aldaketa bi partzelei bakarrik dagokiela adierazi du baina, berak oso ongi dakienez, hartutako erabakiarekin Abendañoko lurzoru osoaren erabilera baldintzak aldatu dira, orain arte debekatuta zeuden jardueretarako aukera zabaldu baita eremu osoan, hala nola hotel, kirol edota zinema zerbitzuak.

Udalbatza berean trenbidean egiten ari diren lanen finantziaziorako ETS eta Udalaren arteko hitzarmenaren gehigarri bat ere onartu zen. Guk ontzat jotzen dugu ETSk proiektua aldatzea eta trenbidea Mitxelena kalera gehiago ez hurbiltzea, bertako bizilagunen bizi- kalitateari okerrera eragingo zion erabaki bat atzera bota baita. Udal Gobernuaren eta ETSren gardentasun ezak ekarri zuen arazoa eta, azkenean, herritarren mobilizazioaren ondoren eta ondorioz iritsi da irtenbidea. Mitxelena kaleko bizilagunei irtenbide bat eman behar zitzaien eta, berandu bada ere, eman zaie. Horregatik, herritarrak zoriondu nahi ditugu, bereziki Mitxelena kaleko bizilagunak, beraien lanari esker lortu delako irtebide honetara iristea.

Onartu berri den aldaketarekin bat egiten dugu, baina aldaketa hori finantzatzeko moduan ETSk proposatu eta udal gobernuak onartu duenarekin ez gaude ados, gure iritziz ez bait dagokio udalari hainbeste ordaintzea. Horregatik bozkatu dugu hitzarmenaren gehigarriaren aurka. Alde batetik ez dago Udalaren txosten teknikorik hainbesteko gorakada ontzat emateko. Bestetik, hasieran sinatutako hitzarmenaren arabera, ETSk erantzun beharko lioke garestitze ekonomiko honi, aldaketa ez baitagokio geltokiaren azpiko igarobideari edo honen ondoko urbanizazioari ere, baizik eta trenbidearen ondoko urbanizazioari; eta hitzarmenaren arabera, hori ordaintzea ETSri dagokiola ulertzen dugu guk

Guri Zarauzko interesak defendatzea dagokigu eta, finantzatzeko modu honekin, ez da hori egiten. Iruditzen zaigu Salberdin eta Zigordia kalea lotuko dituen pasabidea egiteko denari baietz esaten ari zaiola Udala. Dena onartu behar dugu hori egitearen truke? Guk uste dugu ezetz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide