Trenbidean egiten ari diren obren harira informazioa ezkutatzea eta egia ez esatea leporatu dio EH Bilduk Zarauzko alkateari, eta auziari irtenbide egokiena bilatze aldera herritarrekin parte hartze prozesua irekitzeko proposatu dio. ETSri, aldiz, obra birplanteatu dezala eta soterramendua bideratzeko eskaera aintzat har dezala eskatu dio.
Joan den asteko udalbatzan egin zituen eskaera hauek EH Bilduk, Jabier Etxaburu zinegotziaren ahotik. Herritarren parte hartze prozesua eta obren birplanteatzea proposatzeaz gain, beste eskaera zehatz hauek ere egin ditu EH Bilduk: batetik, informazio falta kontuan hartuta, finantzaketa-akordioa baliogabetzeko arrazoi nahikorik dagoen aztertu eta horren berri emateko txostena egin dezatela Udaleko Idazkariak eta Kontu-hartzaileak; eta, bestetik, Udaleko Hirigintza sailak ingurumen txostena egin dezala eta, ETSk, ingurumen-ebaluazioa.
Oposizioko taldeek trenbidean egitekoak ziren obrei buruz informaziorik ez zutela jaso nabarmendu du EH Bilduk. Jabier Etxaburu zinegotziak udalbatzarrean esan zuenez, oposizioko zinegotziek ez zuten trenbideari buruzko informaziorik jaso ez tren geltokia egitea erabaki zen udalbatzarrean eta ez horren aurreko informazio batzordeetan ere. Etxaburuk azaldu zuen eman zitzaien informazio bakarra estazio berriari buruzkoa izan zela. Are gehiago, obrak egiten hasi eta bigarren trenbidea egitera zihoazela sumatu ondoren lurralde batzordean alkateari hori hala ote zen galdetu ziotenean, alkatearen erantzuna ezezkoa izan zela salatu zuen.
Lurralde batzorde horretako erantzunarekin lasai gelditu ez eta EH Bilduren taldeak proiektu osoa eskatu zuen. Proiektua aztertuta, hainbat ustekabe hartu zituela esan du EH Bilduko zinegotziak: “Alde batetik, gaur egungo ardatz bakarreko trenbidetik bikora pasatzen dela ikusi genuen; eta, bestetik, ETSren proiektuak lurperatzea baztertu egiten duela”.
Zarauzko EH Bildu taldeak salatu du, gainera, joan den ostegun iluntzean Zarauzko Udaleko pleno aretoan ETSrekin egin zen bilera irekian parte hartzeko aukerarik ere ez dutela izan, ez EH Bilduko ez Podemoseko zinegotziek ere. “Bilera irekia zela esan zuen udalak, baina pandemiagatik barruetan edukiera mugaturik ez dagoen honetan, alkateak parte-hartzea kopuru zehatz batetara mugatu zuen. Ez digu bilera honetan egoten utzi, eta horregatik ETS eta gure arteko bilera antolatzeko eskatu diogu. Baina oraindik ez daukagu horren erantzunik” azaldu du EH Bilduko zinegotziak.