EAJ-PSEk onartutako TAOren ordenantzaren aldaketak herritarren eta mugikortasun jasangarriago baten kalterako izango direla nabarmendu du Zarauzko EH Bilduren udal taldeak. Izan ere, herria bi eremutan mugatzeak, 1. gunearen inguruan dauden auzoetako aparkalekuetan presioa handitu eta herriko autoen mugimendua bultzatuko duela uste du EH Bilduk, trafikoa handituz eta mugitzeko modu jasangarriagoei traba eginez. Gainera, Alde Zaharrekoek 1. edo 2. guneko bineta aukeratu dezakete behin betiko proposamen honetan, 2. guneko mugimenduak handitzeko aukerak areagotuz.
EH Bilduren iritziz, TAO zerbitzua mugikortasun irizpide nagusiak bultzatzeko tresna bat da, herrian daukagun aparkalekuen arazoa arintzeaz gain, ibilgailuen erabilera arduratsua eta jasangarria bultzatzeko helburua izan beharko lukeena. Baina Udal Gobernuak onartu duen ordenantza honek ez du bigarren ikuspegi hori ezertarako hartzen kontuan.
EH Bilduk nabarmendu zuen herritar askoren desadostasuna argi ikusi dela, ordenantza berriari aurkeztu zaizkion 30 alegazioekin. Horietako bat, Azken Portuko auzotarrena, 767 bizilagunek sinatu eta babestu zutena. Iker Basurko EAJko zinegotziak “Hori sinatu ahal izateko nahikoa informatuta ote zeuden zalantza dut” esan zuena, herritarren irizpideak gutxietsiz.
TAOren inguruko tasen eta isunen igoeraren harira ere, EH Bilduk bere kezka adierazi zuen. Ion Arozena zinegotziak gogorarazi zuen tasak, legez, zerbitzuaren kostea ordaintzeko behar direnaren araberakoak izan behar dutela. ”TAO zerbitzuaren kostua, gutxi gora-behera, 700.000 eurokoa da eta sarrerak aldiz 1.010.000 euro. Beraz, soberan ordaindu daiteke zerbitzuaren kostua jada zeuden sarrerekin. Zuek, hala ere, sarrera hauek igotzea erabaki duzue, tasa eta isunak igoz”, esan zuen.